punto lila

  • Sortu berri den Lilako mahaiaren (Elgoibarko Emakumeen Etxea) ekimena da.

  • Posta bidez banatu zaie udalerriko establezimendu guztiei binilo formatuko puntu morea. HAZen eta Lilan ere eskura izango dira interesa duten gainontzeko herritarrentzat.

Erakusleihoetan puntu morea erakusteko gonbita egin die Udalak herriko saltokiei, mota guztietako indarkeria matxistaren biktimei, ez bakarrik bikotearen baitan gertatzen den indarkeriaren biktimei, adierazteko leku hori segurua dela, eta bertan, laguntza eskatzeko, haien eskubideak zein diren jakiteko eta egoera bakoitzerako dituzten baliabideak ezagutzeko aukera izango dutela.

Horretarako, puntu morearekin batera, QR kode baten bidez eskura daitekeen gida bat aurkeztu nahi da (Emakundek egina). Bertan, modu argian, biktimen eskubideei, eskura dituzten baliabideei eta eskubide horiek eskuratzeko prozedurei buruzko informazioa ematen da. Halaber, informazio ugari dago erasoa jaso duten pertsonen ingurukoentzat edo lekukoentzat.

Gainera, Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, puntu morearen helburua da "gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea", indarkeria matxista desagerraraztea "guztion erantzukizuna" delako. "Oso garrantzitsua da biktimek jakitea erakundeak eta gizartea, oro har, beraiekin daudela [...], eta salaketa ez dela baliabide bakarra, gizarte-zerbitzuetara, osasun-profesionalengana, udaltzaingora, Lila emakumeen etxera jo daitekeela, hau da, askotariko ateak daudela".