Udal ordezkariak ludotekan

  • Guztira 240 haurrek eta 138 familiak hartu dute parte eta 2020eta 2021 urte artean burutu da azterketa. 

  • Maialen Gurrutxaga, Haur, Nerabe eta Gazteria zinegotzia: “Haurren eta nerabeen zerbitzuak errealitate berrira egokitzeko, beraien ahotsak entzun eta beraiekin egoeraren azterketa egitea ezinbestekoa dela ulertzen dugu. Progresiboki, haurren parte-hartzea sustatzea da helburua, Ludoteka eta Gaztelekutik hasita”. 

  • Orain arteko bilakaerak fruituak eman ditu jada: skate parkearen berrikuntza abian da eta abenduan, Udalak, tirolina bat ezarriko du Leku Eder parkean. 

 

Elgoibarko Udalak ‘Elgoibarko haurren errealitatea Covid-19 egoeran 2020/2021’ azterketa burutu du, izenburuak dioen era, haurrengan osasun pandemiak izan duen eragina aztertu eta neurriak ezartzeko helburuz.

 

Prentsa agerraldian aurkeztu dute ekimena azterketaren parte izan diren eragile guztiek: Maialen Gurrutxaga, Haur, Nerabe eta Gazteen Saileko zinegotzia, Maialen Aranguren Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako teknikaria, Maria Cid Ludotekako Hezitzailea, Rakel Aguirre Ormaetxea Herri Eskolako Zuzendaria, Joseba Sagasta Ikastolako Ikasketa Burua eta azterketaren parte izan diren lau gaztetxo: Martin Mujika Cid, Lea Barrutia Cristobal, Karim Eddayaz Rodriguez eta Aiora Carcedo Dominguez. Azterketa Elgoibarko Udalak garatu du Ludotekatik eta herriko hezkuntza zentroen parte-hartzearekin. 

Maialen Gurrutxaga zinegotziak nabarmendu du “Pandemiak agerian jarri du, inoiz baino gehiago, haurrak eta nerabeak erdigunean jarri behar direla. Oso kaltetuak izan dira, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailetik egoera horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, ezbairik gabe. Haurren eta nerabeen zerbitzuak errealitate berrira egokitzeko, beraien ahotsak entzun eta beraiekin egoeraren azterketa egitea ezinbestekoa dela ulertzen dugu, beharrak identifikatu eta zerbitzuak behar horietara egokitzeko”. 

Azterketa azaroaren 20ko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperetan aurkeztu dute: “Haurren eskubideei buruz Nazio Batuen Asanbladak honakoa dio: 8. eskubidea: Informazio egokia jasotzeko eskubidea; beste haur batzuekin bildu eta parte hartzeko, eta nire iritziak aintzat hartuak izateko eskubidea, eta 11. eskubidea: Erabakiak haurren premietan oinarrituta hartuak izateko eskubidea. 2020ko urritik abendura bitartean haurrekin egindako diagnostiko parte-hartzaile honen bidez, haurren behar horiek jaso nahi izan ditugu, subjektu aktibo gisa, beraiekin batera zerbitzua garatzeko. Helburua ez da izan datu kuantitaboak lortzea, baizik eta haurrak erdigunean jartzea eta haiei ahotsa ematea, kontatzen dutena jasotzea. Zerbitzuetatik harago, hiritar aktiboak eta komunitateko partaideak izan daitezen, parte hartzeko aukerak eskaini behar dizkiegu eta parte-hartzean hezi. Progresiboki, haurren parte-hartzea sustatzea da helburua, Ludoteka eta Gaztelekutik hasita, udal politiketan eta herrian bertan. Etorkizuneko Elgoibar dira, eta aukeradun herria eman behar diegu, beraiek parte izanda, herritar aktibo”.

Elgoibarrek 11.580 biztanle ditu eta horietatik 894k 4 eta 11 urte artean. Horiek izan dira azterketaren muina. Guztira 240 haurrek eta 138 familiak hartu dute parte. 

 

Haurrak eta familiak protagonista

Azterketan parte hartu dutenak, haurrak, haien familiak eta beraiekin lanean diharduten profesionalak izan dira.

  • Haurren kasuan, HH5-LH6 bitarteko Elgoibarko Herri Eskolako eta Ikastolako 240 haurrek hartu dute parte. Erabilitako metodoa jolasaren bidezko dinamikak izan dira. 
  • Familietan, berriz, 138 izan dira partaide. Erabilitako tresna ikastetxeen bidez helarazitako galdetegia izan da.
  • Profesionalak: Haurrekin lanean diharduten 9  profesionalek hartu dute parte: bi gizarte langilek, bi kale hezitzailek, bi ikastetxeetako zuzendariek, bi ikastetxeetako ikasketaburuek eta irakasle batek. Erabilitako metodoa elkarrizketa izan da.

Maialen Aranguren Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako teknikariak azaldu du jada azterketaren ondorioak 6 bloke handitan banatu dituztela eta bertatik lan ildo ezberdinak abian jarri: aisialdia, lagun arteko harremanak, familia, eskola, teknologia eta herri-ikuspegia. 

  • Aisialdiko ohiturak: Ludoteka zerbitzua egokia dela deritzo azterketak, eta erreferentziazkoa familia batzuentzat, hala ere, hobetzeko proposamenak jaso dira. Haurrek jarduera fisiko gehiago behar dutela esan da.
  • Lagunen arteko harremanak: Harreman birtualak areagotu egin direla nabari da. Aurrez aurreko harremanak gutxitzeak euskararen erabilera gutxitzea ekarri duela atzeman da. 
  • Familia harremanak: Pandemiak familia egituran eragin handia izan duela nabarmendu da; harreman batzuk hobetu egin dira eta beste batzuk zaildu. Egoerari aurre egiteko laguntzen falta somatu dute familiek (haurrak zaintzeko baliabideak, lanerako erraztasunak, laguntza ekonomikoa...).
  • Eskolako esperientzia: Eskola haurrentzat babesgunea eta ingurune hezitzaile segurua dela azpimarratu da. Udalaren eta eskolaren elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusi da, haurren ongizatea bermatzeko.
  • Teknologia: Teknologien erabilera egokia egiteko haurrak trebatu behar direla  ikusi da eta familiek baliabideak behar dituztela. Arrakala digitalari aurre egiteko bitartekoak jartzen jarraitu behar dela agerian geratu da.
  • Herriaren ikuspegia: Haurrentzako zerbitzuak eta baliabideak diseinatzerakoan, haurren iritzia jasotzea beharrezkoa dela adierazi da. Haurrentzako espazioak berrikusteko beharra ageri da (haur parkeak berdeguneak, estalitako espazioak e.a..). 

Horiek kontuan izanda, Arangurenek nabarmendu du lan-ildo ezberdinak zehaztu direla ikastetxeekin elkarlanean garatzeko kronograma baten baitan: arreta presentziala eta birtuala uztartuko da eta lehentasunezkoak diren sistemekin koordinazioa sendotu, batez ere, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza sailak. Horrez gain, haurrentzako herriko aisia eskaintza artikulatuko da, kultur eskaintza osatuz eta kirol jarduera sustatuz, gurasotasun positiboa landu eta guraso elkarteekin eta familiekin kulturaniztasuna lantzeko egitasmoak abiatu, martxan jarri berri den Euskarara Hurbilduz Egitasmoa, besteak beste.

Udaleko beste sailekin eta herriko eragileekin batera ere haurren parte-hartzea bideratuko da haientzako zerbitzu eta baliabideak diseinatzerakoan eta guneen erabilera definitzerakoan. Horri erantzunaz, Udalak iragarri du Bolatokiko Ludoteka berria haurrekin batera ekipatuko dela. Baita, jolas-guneen azterketa Hirigintza Sailarekin eta beste eragileekin elkarlanean burutuko da, kontziliazio arazoentzako erantzun bateratuak hausnartu Berdintasun Sailarekin, eta teknologien erabilerari dagozkion erronkei erantzun (euskararen presentzia, besteak beste) Euskara Sailarekin.

Rakel Aguirre Ormaetxea, Herri Eskolako Zuzendariak azaldu du: “azpimarragarria iruditu zaigu haurrak ekimen honetan parte-hartzaile aktibo izan direla; eta horrekin batera, ondoren, beraien parte-hartze horren erantzuna jaso izana. Praktika ona dela deritzogu ikastetxera hurbildu eta zuzenean haurrekin diagnostikoaren emaitzak partekatzea. Gure helburua bada egungo haurrak etorkizuneko hiritar aktibo eta parte-hartzaile izatea, mota honetako ekimenek bidea egiten dutela uste dugu”.

Joseba Sagasta, Elgoibar Ikastolako Lehen Hezkuntzako Ikasketa  Buruaren iritziz: “Pandemiak haurren, gazteen eta nerabeen alderdi sozio-emozionalean eragin zuzena izan du, era ezberdinetako egoerak pairatu behar izan dituzte, beraien garapenean ondorioak utzi ditzakeena. Udalak honelako diagnosi bat burutzeak oso positibotzat jo dugu, gure ikasleen eta herritarren ongizatea lehenesten delako, beraien iritziak eta interesak kontuan hartuz, eta hauetariko batzuk martxan jarriz. Alderdi horretatik ere ari gara gu, pandemia honek utzi dituen aztarna horiek leundu nahian, ikasleekin eta hauen familiekin elkarlanean arituz. Bestalde, ikasleei ekimen honetan parte hartzeko eskatu diegu gure baloreei indarra emanez, inplikazioa erakutsiz eta guztiontzat onuragarria izan daitezkeen proposamenak luzatzea eskatuz”. 

Maialen Gurrutxagak zehaztu du udal sailen, zerbitzu, eragile eta ikasketa zentroen arteko lanketan haurren ikuspegia “zeharkakotasun osoz eta era sistematizatuan” txertatzea dutela helburu: “Gaur egun Ludoteka eta Gaztelekuaren bitartez haurrekin oso harreman estua dugu, baina une konkretuetatik haratago beraien espazio propioa eman nahi diegu udalgintzan. Oso aberasgarria da. Orain arteko bilakaerak fruituak eman ditu jada: skate parkearen berrikuntza abian da eta abenduan, Udalak, tirolina bat ezarriko du Leku Eder parkean. Biak haur eta nerabeen eskaerak izan dira, eta erantzuna eman diegu”.