• Aurtengo ikasturtean “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” landu dute Elgoibarko ikasleek, Eskolako Agenda 30 programaren baitan. 

 

 

Bizi dugun egungo egoera dela eta, urtero egiten den Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin beharrean, aurten, ikasleek beren proposamenak bideo bidez bidali dizkiote Udalari; eta Udalak ere bideo baten bitartez erantzun die ikasleen eskaera eta proposamenei. 

Aurtengo ikasturtean ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 30 programaren baitan. Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du, eta ikastetxeek Elgoibarko Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute. 

Urtean zehar ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia lantzeko hainbat ekintza egin dituzte ikastetxeetan. 

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek, aurten, bideo bidez aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte.

Ikasleek Udalari egindako ekarpen azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Plastikoaren erabilera murrizteko, oihalak, tapperrak...erabiltzea.
  • Elgoibar erdiguneko leku batzuetan (Bernardo Ezenarro kalea, Aita Agirre plaza...) zenbait aparkaleku kotxe elektrikoentzat erreserbatzea, era horretan, kutsadura jaitsi eta elektrikoaren erabilera bultzatzeko.

  • Bidegorrian komunak eta zaborrontzi gehiago jartzea. 

  • Herriko nekazarien produktuen kontsumoa eta kontsumo ekologikoa sustatzeko kanpainak martxan jartzea eta laguntzak ematea. Hala nola azoka gehiago antolatzea, bisitak egitea. 

  • Herritarrek erabili ahal izateko bizikleta elektrikoak jartzea. .



Eskolako Agenda 30 Debabarrenean

 Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, 19 urte daramatza udalekin elkarlanean eskualdean Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari, hau da, ikasle, irakasle eta familiei zuzendutako ekintzak antolatzen dira.