• bidegorriaHirigintza Sailak lizitaziora atera du instalazioa, 54.000 euroko prezioan (BEZa barne).

 

Elgoibarko Udalak lizitaziora atera du komun auto-garbigarria jartzeko kontratua. Komuna Maltzagako bidegorrian jarriko da, hain zuzen ere, Santa Ana kalearen amaieran, zubiaren aurrean, Eibarko norantzan.

Baldintza-agirian adierazten denez, erabilera mistoko komun auto-garbigarria izango da, eta bi plazako kanpoaldeko pixatoki bat duena. Hormigoi armatuzko egitura duen garbiketa-kabina bat instalatuko da, forma biribildukoa, pertsona guztientzat irisgarria, konketa eta altzairu herdoilgaitzezko komun-ontzia dituena. Horretaz gain, zorua presiozko urez garbitzeko sistema, presiozko estalki automatikoa garbitu eta desinfektatzeko sistema eta lehortzeko sistema izango ditu.

Lehiaketa irabazten duen enpresak ia bi urtez egin, garraiatu, instalatu eta mantendu beharko du.

Kontratua 54.000 euroko prezioan atera da lizitaziora, eta eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 14an amaituko da; beraz, Udalak udan instalatu ahal izatea espero du.

Hau izango da Elgoibarren instalatuko den 4. komun auto-garbigarria. Aurrekoak Urazandin, Sigmako aparkalekuan eta Maalako parkean daude.