euskalaez

'Euskara ala ezkara' jardunaldien barruan, Elgoibarko euskalgintzan eta kulturgintzan diharduen adin eta pentsaera askotariko jendea batu zen larunbatean IMHn, euskalgintzaren eta kulturgintzaren diagnosia bateratu eta adosteko. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalak eta Dijitalidadea enpresak antolatu zuten saioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta IMH ikastetxearen eta Makina Erreminta Museoaren laguntzarekin.

Egun guztiko saioa izan zen. Elgoibarko Udaleko Euskara arloko zinegotzi arduraduna den Maialen Gurrutxagaren eta Elgoibarko Izarrako presidente den Iñaki Konderen aurkezpen eta esker-on berben ondoren, Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaranek hasi zuen eguna,'Zer dago egin nahi dugunaren atzean?' galderari erantzunez. Barandiaranek ohartarazi zuen euskararen erabilera ez dela zabalduko, kulturaren praktika bizkortu ezean, eta aldi berean, kulturgintzak ez duela osasuntsu irauteko aukerarik izango, euskarari behar dituen indar eta garrantzia eman ezean. Labur esanda: bata ezin dela bestea gabe bizi, "ekosistema bereko organismoak direlako".  Horregatik, Barandiaranek azpimarratu zuen kulturzaleak sortzea dela euskal kulturgintzaren berariazko erronka. Horren harira, zehaztu zuen kulturaren eta hizkuntzaren sistema egoki bizi dadin, lau alor zaindu behar direla: sortzaileak, plazak, komunikazioa eta transmisioa.

Jarraian, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eredua ezagutzera eman zuten Aitor Bengoetxeak, Kulturaz kultur kooperatibako proiektu arduradunak, eta Eneritz Albizuk, Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak. Proiektu horren ezaugarriak entzun ondoren, Gorka Arrese Susako editore izandakoaren txanda iritsi zen, koaderno zuriaren egilearena. 'Zer kontatu didate elgoibartarrek?' galderari erantzun zion Arresek. Izan ere, Elgoibarko euskalgintzaren eta kulturgintzaren sistema osatzen duten eragileak elkarrizketatu ditu Arresek, herriko 38 eragile, alegia; eta guztira, 1.900 erantzun jaso ditu. Gainera, koaderno horretan Ondorioak eta aurrera begirako Proposamenak ere jaso ditu.

Eta ondorioez solastu ziren, gero,  IMHra batutako eragileak, talde txikitan elkarturik. Hamabi ondorioak lautara ekarri zituzten goizeko saioan, eta honakoak lehenetsi zituzten:

1- Euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteek, taldeek, egiturek eta eragileek ez dute elkar ondo ezagutzen. Ez dago organorik elkarren arteko komunikazioa errazteko edo laguntzeko.

2- Sortzaile asko dago, ekintzaile asko, eta horiek saretu beharra dago. Elgoibarren, kulturaren arloan ez dago lidergorik

3- Euskara eta kultura lehen lerrora ekarri beharra dago.

4- Zein ote dira gazteen desirak? galderari erantzun behar zaio eta garai berrietara egokitu.

Taldeek ia ordubetez jardun zuten lau ondorio nagusi horien inguruan solasean, kulturarentzat eta euskararentzat Elgoibarren nahiko luketen markoa irudikatzen. Ideia asko atera ziren, eta zeregin honi segida nola eman aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten.

Jardunaldiari bukaera emateko, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren kontzertua izan zen, Makina Erremintaren Museoan.