Olaizaga kiroldegiaren Harrera

  • Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Olaizaga Kiroldegia irailaren 14an irekitzea aurreikusten du.
  • Asmoa da irailaren 28an hastea jarduera gidatuen ikastaroak ematen, igeriketa ikastaroak izan ezik, oraingoz ez baitira hasiko, ezin baitira bermatu ez igerilekuaren edukiera ez segurtasun distantzia. Normalean, irailaren 1ean hasi ohi dira ikastaroak, baina aurten nahiago izan da itxoitea, pandemiak irailean zehar nolako bilakaera izaten duen ikusi arte.
  • Kiroldegia itxita egon den bitartean, Patronatuak hainbat berrikuntza eta egokitzapen egin ditu. Garrantzitsuena, igerilekuko aldagelen obra.
  • OLAIZAGA KIROLDEGIA BERRIRO IREKITZEKO PROTOKOLO HIGIENIKO-SANITARIOA (COVID-19aren KONTINGENTZIA PLANA)
  • KIROL PATRONATUKO IKASTAROAK 2020  (PDF)

Elgoibarko Udalak, Kirol Patronatuaren bitartez, Olaizaga kiroldegiko instalazioak atzera ere irekitzeko, COVID-19a dela eta protokolo higieniko-sanitarioa prestatu du. Beharrezko neurriak hartu dira kutsatze komunitariorik gerta ez dadin eta langileen eta instalakuntzen erabiltzaileen osasuna babesteko.

Kontingentzia Plan hau egiteko kontuan izan da indarrean dagoen legeria, Gobernu Zentralaren ministro aginduak, bai eta ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako xedapen eta gomendioak. Izan ere, helburuak dira jarduerak gauzatzeko arriskuak identifikatzea eta aztertzea , eta birusari aurre egin ahal izateko, zerbitzuan, instalakuntzetan eta langileen eginkizunetan ahalik eta praktika egokienak ezartzea. COVID-19a dela eta, ematen dugun zerbitzuan gorabeheraren bat edo afekzioren bat bada, Patronatuaren Zuzendaritzak segituan jakinaraziko die osasun agintariei, neurri zuzentzaileak elkarrekin ezartzeko.

Mintxetako instalazioak berriz irekitzeko joan den ekainean izandako esperientzia oso lagungarri izan da beste instalazio honen berrirekieraren plangintza egiteko.Hala eta guztiz, Olaizaga kiroldegia irailaren 1ean irekitzeko asmoan atzera egin behar izan da, uztailaz geroztik jasaten ari garen COVID-19aren bigarren indarraldiagatik. Ondorioz, egokitu egin behar izan ditugu geure zerbitzu eta jarduerak bigarren aldi honetan hartu beharreko neurriei erantzuteko. Zentzu honetan, Udal Patronatuak Olaizaga Kiroldegia irailaren 14an irekitzeko asmoa dauka. Igerilekuko aldagelak oraindik bukatu gabe egongo balira, igerilekuak ez ziren irekiko, aldagelak bukatu arte. Baina gainontzeko instalazioa irekiko litzateke.

Elgoibarko Udalaren zein Patronatuaren helburu nagusiak hurrengoak dira:

  1. Plan honen berri ematea, era egokian, hurbilekoan eta eskuragarrian, kiroldegiko langileei, bazkideei, erabiltzaileei eta herriko kirol elkarteetako kideei, osasun segurtasuna bermatzeko xedeaz.
  2. Komunitatearen biziberritze soziala, fisikoa, mentala eta emozionala sustatzea.
  3. Udal Kirol Patronatuaren jarduera ekonomikoa berriz ere abiatzea eta autofinantzaketa handitzea.

Olaizaga Kiroldegia instalazio estalia da, eta bertan egin litezke jarduera fisikoak banaka (igeriketa, eskalada, muskulazioa, squasha, pilota, etab.) zein taldeka (gidatutako ikastaroak, kirol federatuak, eskola kirola, heziketa fisikoa, etab.)

Instalazio bakoitzarentzat Sartzeko neurriak, Erabiltzeko, Egoteko, Higiene eta Desinfekzio Araudiak ezarriko dira, erabiltzaileen, bazkideen, kirol taldeen eta ikastetxeen segurtasuna bermatzeko.

Bi sarbide izango ditu instalazioak:

Alde batetik, ohiko sarrera nagusia bazkideek, erabiltzaileek eta ikastaroetara datozenek erabiliko dute, eta beste aldetik, kirol taldeek eta ikastetxeek, kantxa erabiltzen dutenek, kiroletako biltegiko atea erabiliko dute (antolatuta edukiko dugu, pasaera egon dadin).

Batean zein bestean, aterak irekita egongo dira une oro , inork ez izateko haiek ukitu beharrik, bai sartzean bai ateratzean.

Pertsonak ibiltzeko norabideak adieraziko dira lurrean, zinta itsasgarriak jarrita edo margotuta (beti norberaren eskuinetik, espazio bakoitzak uzten duten ahalik eta segurtasun tarte handiena utzita).

Halaber, informazio kartelak jarriko dira bi sarreretan: maskara erabiltzeko derrigorra adierazteko, 1,5 metroko segurtasun tartea uzteko, ibiltzeko norabidea adierazteko, etab.

Igerilekuetara sartzeko edo gainerako instalazioetara sartzeko tornuetan karneta hurbilduta sartzeko sistema besterik ez da izango, eta indargabetua egongo da hatz-marka bidezko sistema, betiere tornuarekin kontakturik ez izateko. Bazkide txartela hurbilduta, ireki egingo da pasaera. Gainera, tornuaren besoari gorputzarekin eragiteko gomendioa emango da, eskuekin ukitzea saihesteko.

Igerileku estalien erabilerari dagokionez, ontzi handiaren edukiera 8 pertsonakoa izango da (2 pertsona kale bakoitzeko) eta ontzi txikiarena familia bat edo banaka dauden 4 pertsona. Egoteko denbora ordubetekoa izango da, erreserba edo txanda bakoitzeko. Ontzi handiaren kasuan, 4 kale daudenez, kale bakoitzean gehienez ere 2 pertsona ibiliko dira igeri. Hala ere, kale bat erabili ahal izango dute familia bereko kideek. Zenbait adin talderentzat, litekeena da ordutegi jakin batzuk ezartzea. Kasu guztietan, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua hartzea. Erreserba telefonoz egin beharko da (943 744 415), gehienez ere bezperan.

IKASTARO ETA JARDUERA GIDATUAK

Udal Kirol Patronatuaren asmoa da irailaren 28an hastea jarduera gidatuen ikastaroak ematen. Normalean, irailaren 1ean hasi ohi dira ikastarook, baina aurten nahiago izan du itxoin pandemiak irailean zehar nolako bilakaera izaten duen ikusi arte.

Ikastaroetako parte hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartuko dira:

  • Jarduerak egiteko guneak desinfektatu egingo dira, saio eta saio artean, kloro disoluzioa botaz edo beste produktu desinfektatzaileren batekin.
  • Derrigorrezkoa izango da toailak erabiltzea muskulazio aparailuetan eta esteretan. Ahal den neurrian, nork bere estera erabil dezala.
  • Erabiltzaileei beren ur botilak ekar ditzatela eskatuko zaie.
  • Beti eskularruak erabili beharko dira eskuez baliatzea eskatzen duten jardueretan.
  • Gidariek adieraziko dute pertsona bakoitzak hartu behar duen tokia; hala, parte hartzaileen arteko 2 metroko tartea gordeko dela bermatzeko.
  • Komunak irekitzeko gidariari eskatu beharko zaio. Gehienez ere pertsona bakarra egongo da komunetan aldi bakoitzeko, salbu eta laguntza behar duten erabiltzaileak baldin badira.
  • Aldageletan, haietako bakoitzarentzat ezarritako gehienezko aforoa errespetatu beharko da.

Era berean, aipatu behar da, kiroldegia itxita egon den bitartean, Patronatuak hainbat berrikuntza eta egokitzapen egin dituela. Garrantzitsuena igerilekuko aldagelena da. Beste modu batera, datorren urtean igerilekuak itxi beharko lirateke, eta aldageletako obra horiek irailaren 14rako amaituta egotea espero da. Egun horretarako bukatuta ez badaude, Olaizaga Kiroldegiak ateak irekiko lituzke, baina igerilekuak itxita egongo lirateke aldagela horiek eduki arte. Kantxako eta gimnasioko aldagelak birpintatzeko ere aprobetxatu da, aldagela horietako eserlekuak eta esekigailuak aldatu dira, tabernaren ondoan dagoen gimnasioa pintatu da eta zorua lixatu eta bernizatu da.