Udaltzaingoak Errosario kalean

  • Abuztuaren 23tik 30era arte, San Bartolome jaiak ospatu behar ziren egunetan, Udaltzaingoak bere lana indartu egingo du eta bereziki osasun publikorako arriskutsuak diren jokabideak atzematen arituko da.
  • Plantilla osoa egongo da lanean eta 22 agentek zainduko dituzte edukiera-neurri eta maskararen erabilera urratu litezkeen baimendu gabeko ospakizun eta kontzentrazioak.

Datozen egunetan, Elgoibarko Udaltzaingoak zaintza-dispositibo berezi bat jarriko du martxan, segurtasun arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela ziurtatzeko. Abuztuaren 23tik abuztuaren 30era arte, San Bartolome zaindariaren jaiak ospatu behar ziren egunetan, Udaltzaingoak bere lana indartu egingo du eta bereziki osasun publikorako arriskutsuak diren jokabideak atzematen arituko da.

 

Agenteek edukiera-neurri eta maskararen erabilera urratu litezkeen baimendu gabeko ospakizun eta kontzentrazioak zainduko dituzte. Era berean, establezimendu publikoen jarduera egokia eta indarrean dagoen araudia betetzen direla zainduko dute. Guztira, 22 agentek osatuko dute dispositibo berezi hau. Jaiegun hauetan beti egiten den bezala, Udaltzaingoko plantilla osoa arituko da lanean. Agenteek zaintza lanean arituko dira, batez ere jende gehien pilatzen den lekuetan. Halaber, adierazi dute, beti bezala, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak harreman estua izango dutela eta beren jarduerak koordinatuko dituztela beharrezkoa den guztietan.

Covid-19ak sortutako osasun-egoera eta Euskadin Osasun Larrialdia deklaratu ondoren hartutako azken neurriak ikusita, Elgoibarko Udalak polizia presentziala indartzea eta datozen egunetatik aurrera dispositibo berezi hau abiaraztea erabaki du, baimendu gabeko ospakizun eta kontzentrazioen aurreikuspenak direla eta. "Gure helburu nagusia elgoibartarren osasuna arriskuan jar lezaketen pilaketak edo portaerak saihestea izango da, baita delituak saihestea ere, eta horretako zorrotz, irmo jokatuko dugu. Guztiok izan behar dugu erantzukizuna eta jasaten ari garen osasun-krisiaren konponbidearen parte izan behar dugu; horregatik, funtsezkoa da osasun publikoaren arloan eta Covidaren kutsatzearen prebentzioaren arloan ezarritako arauak errespetatzea ", adierazi dute Udaltzaingotik.

Gogoan izan behar da duela aste batzuk Elgoibarko Udaltzaingoak kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat jarri zuela martxan elgoibartarrei COVID-19aren zabaltzea saihesteko bete beharreko neurriak gogorarazteko. Azken asteetan, Elgoibarko udaltzainek dozenaka kartel banatu dituzte herriko ostalaritza-establezimenduetan, aisialdian erantzukizunez jokatzeko beharra azpimarratuz. Kartel horietan, Covid-19aren aurkako segurtasun-arau nagusiak betetzeko deia egiten da: maskarak erabiltzea, segurtasun-distantzia mantentzea, pilaketak saihestea, edukierak errespetatzea, terraza gisa mugatutako guneetan kontsumitzea eta ostalaritza-lokalak ixteko ordutegiak errespetatzea.

Osasun publikoa babesteko helburuarekin, pandemia hasi zenetik, Udaltzaingoak bere lana areagotu egin du hainbat eremutan, batez ere aisialdi-guneetan, erakunde publikoek sustatutako osasun-arauen urraketak atzemateko.

Elgoibarko Udalak duela hilabete bat San Bartolome jaiak bertan behera utzi zituen, eta ordutik prebentzio, sentsibilizazio eta erantzukizun mezuak areagotu egin ditu jaiegunak hurbiltzen joan diren heinean. Udalak eta Udaltzaingoak, konplizitatea eta erantzukizun indibiduala zein kolektiboa eskatu dute, pilaketak saihesteko eta egungo egoerak exijitzen duenaren arabera jokatzeko. Gainera, Gobernu Taldeak beste behin ere eskerrak eman nahi dizkie elgoibartarrei pandemian izandako erantzukizunagatik eta izandako jokabideagatik.

Udaltzaingoak berretsi egiten du udalerriko establezimenduekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan aritzeko prestutasuna, eta guztien laguntza eskatu eta eskertzen du osasun orokorraren aurkako jokabideak prebenitzeko. Horrela, guztion artean gainditu ahal izango dugu bizi dugun osasun-krisia.

Elgoibarko Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko bideak gogoratuko ditugu:

  • Errosario kalea, 35.

  • Tfnoa.: 943 741394

  • Emaila: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.