Ginkana Debabarrena kartela

 

  • Kutxa Ekoguneak antolatutako  euskararekin eta euskaraz dibertitzeko eta euskararen bueltan gozatzeko taldekako eta herrien arteko lehiaketa da.
  • Elgoibar, Eibar, Soraluze, Deba eta Mutrikuko DBH4ko gela bakoitzeko ikasle talde batek (4-8 ikasle) parte hartu ahal izango du gelako ordezkari gisa.
  • Parte hartu nahi dutenek urriaren 22a baino lehen eman beharko dute izena euskararenginkana webgunean. Guztira, 1.200 euro daude saritan.

Martxan da Ekoguneak antolatutako  Debabarreneko Euskararen Ginkanaren lehenengo edizioa, euskararekin eta euskaraz dibertitzeko eta euskararen bueltan gozatzeko taldekako eta herrien arteko lehiaketa, hain zuzen ere. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izango dituzte talde lehiakideek. Aurtengo edizioan Hizkuntza-Ekologia izango da gaia.

Ekimena hainbat erakunderen elkarlanaren fruitua da, besteak beste: Kutxa Ekogunea, Debabarreneko Udalak (Elgoibar, Eibar, Soraluze, Deba eta Mutriku) eta Euskaltzaleen Topagunea.

Lehenengo edizio honetan, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Deba eta Mutrikuko DBH4ko gela bakoitzeko ikasle talde batek (4-8 ikasle) parte hartu ahal izango du gelako ordezkari gisa. Horretarako hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izango dituzte, mundu mailako begiradatik, eskualdeko begirada eta praktiketara salto eginez. Lehiaketak bi fase izango ditu:

  • 1. fasea. Internet bidezko probak: Lau aste iraungo ditu fase honek, urriaren 23an hasi eta azaroaren 20an amaituko da. Webgunean, astero taldeek burutu beharreko proba bat argitaratuko da eta aste bete izango dute taldeek erantzunak bidaltzeko. Proba hauetan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeek jokatuko dute 2. fasea.

  • 2. fasea. Finala: Abenduaren 4an jokatuko da Eibarren eta bertan erabakiko da nor den Debabarreneko Euskararen Ginkanaren talde irabazlea.

Parte hartu nahi dutenek urriaren 22a baino lehen eman beharko dute izena euskararenginkana webgunean. Ondorengo orrian daude argibideak, oinarriak eta izena emateko esteka: http://www.euskararenginkana.eus/eu/ginkanak/debabarreneko-euskararen-ginkana-1edizioa-2019/gi-41/

1.200 euro saritan

Sariaren banaketa ondorengoa izango da: 800 euro irabazleari. 200 euro bigarren geratzen denari. Kultur jardueretarako sarrerak edota erosketa-bonoak 3. eta 4. geratzen direnei, talde bakoitzak 100 euroko bonua jasoko du Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bitartez.