kirolaherria

  • Ane Beitia alkateak, udal zinegotzi eta Kirol Patronatuko ordezkariekin batera, Bruselako Europar Parlamentuan ospatu zen ACES Europako sarien galan jaso zuten izendapena aitortzen duen bandera.
  • ACES Europak Elgoibarko kirol azpiegituren eskaintza zabala eta kalitatea nabarmendu ditu, udalerriak kirol ekitaldiak antolatzeko duen gaitasunarekin batera.

Elgoibarko Udalak atzo jaso zuen Bruselan “2019ko Europako Kirol Herri” saria. Ane Beitia alkateak, Ramon Mugika Kirol Patronatuko zuzendariak, Blanca Larrañaga zinegotziak, Esther Lizarriturri eta Argiñe Gabilondo Patronatuko lankideekin batera, atzo arratsaldean Bruselako Europar Parlamentuan ospatu zen ACES Europako sarien galan jaso zuten izendapen garrantzitsu hau aitortzen duen bandera.

Sari banaketaren ekitaldian, ACES Europako ordezkari nagusienek hartu zuten parte, Gian Francesco Lupatelli presidenteak, Hugo Alonso idazkari nagusiak, John Swanson presidenteordeak eta baita Lukas Vorel, Elgoibar bisitatu zuen ordezkaritzako kideak ere besteak beste.

Ane Beitia alkateak, Elgoibarko gizartearen talde-lana eta konpromisoa azpimarratu ditu Bruselan. Udalaren edota administrazioaren lana ez ezik, Udalerriko kirol talde eta elkarteen esfortzua eta elkarlana ere goraipatu egin du, sinergia hauei esker, hautagaitza sendoa aurkeztea ahalbidetu duelako. “2019ari begira, ildo beretik jarraituko dugu, kirolak Elgoibarren geroz eta protagonismo gehiago izan dezan. Kirolaren praktika gure identitatearen ezaugarri nagusi izaten jarraitzea nahi dugu. Herritar orori kirola praktikatzeko erraztasunak eskaintzen jarraituko dugu eta era berean, Elgoibar goi mailako kirol ikuskizunak jasotzeko prest dagoela erakutsiko dugu”.

Zergatik irabazi du Elgoibarrek saria?

Elgoibarko Udalaren hautagaitza baloratzeko unean, hainbat aspektu positibo mahaigaineratu dira Elgoibar 2019ko “Europako Kirol Herri” izan daiten.

Alde batetik, ACES Europak, Elgoibarrek kirolaren balio unibertsalak zabaldu eta udalerrian kirola sustatzearen aldeko konpromisoa eta kirol eskaintza nahiz kalitatezko instalakuntzak bultzatzeko inbertsioetan egindako ahalegina nabarmendu du. Honez gain, Elgoibarrek azpiegitura berriak sortzeko aukera ematen duen administrazio desberdinen arteko lankidetzarako egindako esfortzua ere goraipatzen du, baita kirolaren sustapenean eta praktikan inplikatuta dauden eragile publiko, pribatu eta elkarteen lana ere.

Datuei erreparatuz, aipatu beharra dago, Elgoibarrek orain 40 urte martxan jarritako Eskola Kiroleko eredua aitzindaria izan dela, Gipuzkoa osora zabaldu dena. Kirol Patronatuari dagokionez, abonatuen kopurua ere nabarmentzeko zifra da (%40koa) eta arlo ekonomikoan, duen autofinantziaziorako ahalmena %60koa. Aipatzekoa da baita Patronatuak antolatutako ikastaroek izaten duten harrera positiboa, guztira 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartzen dute hilero. Emakumeek gainera geroz eta presentzia handiagoa dute eta ezinduei zuzendutako eskaintza ere oso zabala da. Igeriketari dagokionez, zaletasun handia dago herrian. Ikastaroen kasuan konkretuki, hilero 400 ikasle inguruk parte hartzen dute eta herritarren eskaera honi aurre egiteko jarri du martxan Udalak, besteak beste, igerileku berriaren proiektua.

Guzti honez gain, herriko bolondresen, kirol talde eta elkarteen lanak ere pisu handia izan du izendapenean. Aipatzekoak dira C.D.Elgoibarren mendeurrena; Sanlo Eskubaloi Taldeak emakumezkoen kirola sustatzeko egiten duen lana; Mugertza Krosa, munduko hamar kros onenen artean kokatzen dena edota aurten, bere XXVIII.edizioa beteko duen Nazioarteko Xake Txapelketa. Bertatik pasa dira Vesselin Topalov bezalako txapeldun handiak besteak beste.