GIF DIPU FACE TWIT 850x850

 GIPUZKOAKO UDAL HAURTXOKOAK ETA GAZTELEKUAK 2018

Ikasturte berriarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du lurraldeko haurtxokoak eta gaztelekuak sustatzeko kanpaina berria. Ekimen honek bi helburu nagusi dituela jakinarazi dute Goizane Alvarez-ek, Gazteria zuzendariak, eta Patricia Arrizabalaga, Eibarko gazteria zinegotziak eta David Rosco, Urnietako gizarte saileko zinegotziak: alde batetik, haur eta nerabe gipuzkoarrak zerbitzuetara gonbidatzea; eta, bestetik, zerbitzuaren garrantzia azpimarratzea, haur eta nerabeen kalitatezko aisialdirako eskubidea aldarrikatuz. Horretarako, Aldundiak, udalerriekin elkarlanean, 50.000 gonbidapen bidaliko dizkie lurraldeko haurrei eta nerabeei.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Zerbitzuak lanean dihardu, haurtxoko eta gaztelekuen lana plazaratu eta beren balioa azpimarratzeko erronkari eutsiz, eta orain aurkeztutako kanpaina hau beste urrats bat da ibilbide horretan. Goizane Alvarez-ek adierazi duenez, “Haurtxoko eta Gaztelekuak sarearen helburua da haurrek eta nerabeek gizartean duten lekua bermatzeko lan egitea. Funtsezko zerbitzu publikoa dela uste dugu, haur eta nerabeak hiritar aktibo gisa hezten dituelako, beren aisialdirako denbora errespetatuz eta eskaintza ludiko baten bitartez”.

Taldean egotea, jolastea, elkarrekin bizitzen ikastea, aniztasunean heztea, haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea, protagonistak izatea, harremanak euskaraz egitea… Asko dira haurtxokoen eta gaztelekuen eskaintzaren bitartez lantzen diren balioak, eta denak ezinbestekoak bizitzarako prestatzeko. Egun, Gipuzkoako 47 udalerritan, 100 gune daude eta bertan 230 hezitzaile profesional ari dira lanean.

4 eta 11 urte bitarteko haurrak eta 12tik 17 urtera arteko nerabeak oinarri hartuta, aurtengo kanpainaren baitan bi irudi aurkeztu ditu Aldundiak. Bietan haur zein nerabeak dira protagonista, eta euren lekuaren, euren lagunen eta euren munduaren aldarrikapena egiten dute. Haurtxokoak zein gaztelekuak haur eta nerabeen neurrira sortutako espazioak dira, beraien beharretan, nahietan eta gustuetan oinarritzen direnak. Ideia hori azpimarratu nahi izan da aurtengo irudiarekin eta leloarekin: “Nire planik hoberena”, Haurtxokoen kasuan eta “Hemen gu geu gara” adierazpena Gaztelekuenean.

Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak sarea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako zerbitzuak duela 2 urte jarri zuen abian, lehenengoz, haur eta nerabeentzako zerbitzuak sustatzeko lehenengo kanpaina, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko egunarekin bat eginez. Orduz geroztik hainbat urrats eman dira; horietan esanguratsuena Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak marka sortzea. Hausnarketa-prozesu baten ostean, Foru Aldundiak eta halako zerbitzu bat eskaintzen duten udalek, eragile guztien arteko elkarlanaren beharra ikusi zuten eta, ondorioz, sarean lanean hasi ziren marka berri honen aterpean.

Komunikazio-kanpaina bateratuen bitartez, zerbitzua bere osotasunean indartu nahi da; eta elkarlanari esker, haurtxokoen eta gaztelekuen kalitatezko eskaintza aberasten segi. Bide honi jarraituz, sareak bideo bat aurkeztu zuen 2018ko maiatzaren amaieran. Bertan, udalerri desberdinetako haurrei, nerabeei, gurasoei, hezitzaileei eta udal-teknikariei eman zitzaien ahotsa eta horrelako adierazpenak egin zituzten zerbitzuei buruz: “Segurtasun-txoko bat, gizarte hobeagoa eraikitzeko aukera ematen duena, deskonektatzeko eta lagunekin egoteko gunea, euren herritartasuna aldarrikatzeko lekua, bide-laguntza, maitasuna, errespetua, aniztasuna, pertsonak hezten dituen espazioa, haur eta nerabeak libre sentitzeko lekua…”.

Ekimen hauek guztiak bat datoz Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Zerbitzua haur eta nerabeen eskubideak eta ongizatea bermatzeko garatzen ari den estrategiarekin. Ildo horretan, Aldundiko lantaldeak lanean dihardu hurrengo mugarriaren antolakuntzan: azaroaren 20ko Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eguna. Aurtengoan ere, zerbitzuak ekimen berezi bat prestatuko du kolektibo hau gizartean ikusarazteko eta euren lekuaren, eskubideen eta betebeharren aldarrikapena egiteko.