carpa ai laket

  • Zerbitzuak alkohol eta bestelako sustantzien gehiegizko kontsumoa prebenitzea du helburu, egiazko informazio objektiboa eskainiz eta kontsumo honek dituen arriskuez ohartaraziz.
  • Nobedade gisa, aurten, testing programa bi egunetan zehar egingo da, konkretuki, abuztuaren 23 eta 25ean, 00:00ak eta 3:00ak bitartean. Alhohol probak abuztuaren 25ean egingo dira 19:00ak eta 22:30ak artean.
  • Abuztuaren 26an, Elgoibarrek Botiltzarra izeneko ekimen berria estreinatuko du, nerabe, gazte eta botiltzarra egiteko asmoa duen guztiari zuzendutakoa.

Elgoibarko Udalak, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, San Bartolome Jaietako “Maalako prebentzio gunea” aktibatuko du beste urte batez. Zerbitzu hau alkoholemiari buruzko prebentzio eta bestelako drogen inguruko informazio eta testak egiteko programaz osaturik dago eta sustantzia hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea du helburu, egiazko informazio objektiboa eskainiz eta kontsumo honek dituen arriskuez ohartaraziz.

Aurtengo ekimena, gainera, berritasunekin dator. Jada ohikoa den alkoholemia programa arratsaldez egingo da abuztuaren 25ean. Bestalde, drogen testinga, lehenengoz, bi egunetan zehar egingo da, konkretuki, abuztuaren 23 eta 25ean Andonegi etxearen inguruan kokatuko den karpa batean. Halaber, abuztuaren 26an,  Elgoibarrek Botiltzarra izeneko ekimen berria estreinatuko du, nerabe, gazte eta botiltzarra egiteko asmoa duen guztiari zuzendutakoa.

Drogen inguruko informazioa eta testing programa, abuztuaren 23 eta 25ean

Berritasun gisa, aurten, lehenengo aldiz, testing programa bi egunetan zehar gauzatuko da, konkretuki, abuztuaren 23 eta 25an, San Bartolome bezperan eta Baserritarren Egunean, hurrenez hurren. Horretarako bi egun horietan Ai Laket!! karpa instalatuko da Andonegi etxearen inguruan 00:00ak eta 3:00ak bitartean.

Testing programa dibertsio guneetako droga ilegalen kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketarako programa da. Bere oinarriak substantzia ilegalen testa eta analisia, hala nola informazio orokor zein pertsonalizatua dira, balizko kontsumitzaileei eta drogen erabilerarekin lotutako edozein arlotan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta dago.

Iaz 208 pertsona gerturatu ziren drogen gunera, 168 gizon eta 39 emakume eta guztira erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko 38 test egin ziren.

Alkohol programa, abuztuaren 25ean

Alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak, abuztuaren 25ean, 19:00ak eta 22:30ak bitartean, Sasoia informazio standa instalatuko du. Bertara, interesa duten pertsona guztiak, duten adina dutela, joan daitezke, betiere beron borondatez badoaz. Hala eta guztiz ere, gidatzearen kontuak direla eta, aurten, 18 urte gorakoei zuzendu nahi zaie, bereziki.

Lehenengo eta behin adinari, sexuari, erretzaileak diren edo ez eta egindako alkohol kontsumoari buruzko galdera sorta bat egingo zaie, baita lekualdaketaren bat eginez gero hori nola egingo duten (autobusa, trena, norbere kotxea, taxia…). Ondoren, alkohol mailaren froga egingo zaie hala nahi dutenei. Bukatzeko, informazio txartel batzuk emango zaizkie, eta eskuratutako kontsumoari buruzko norberari egokitutako azalpenak ere; halaber, behar izan ezkero, itxaron beharreko denbora-tartea zein den esango zaie.

Iaz, guztira, 263 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era, 172 gizon eta 91 emakume. Jasotako positiboak 148 izan ziren eta gehien errepikatu zen adin tartea, 18-20 bitartekoena izan zen.

Botiltzarra Programa, abuztuaren 26an

Halaber, Jubilatu eta Umeen Egunean, abuztuak 26, nerabe, gazte eta botiltzarra egiteko asmoa duen guztiari zuzendutako Botiltzarra programa gauzatuko da lehenengoz Elgoibarren. Ekimenak, zehazki, honako 5 helburuak ditu:

  • Prebentzioa. Alkoholaren erabileraren arriskuak gutxitzea.
  • Kontzientziatzea. Alkoholaren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatzea.
  • Zabalkundea. Arriskuak murrizteko gazteei neurriak azaltzea
  • Bizikidetza. 'Botiltzarrak' eragindako kalteak gutxitzea
  • Alternatibak. Alkoholaz gain, alternatibak badirela sustatzea

Okasiorako, abuztuaren 26an, mozorro koloretsuak jantzita, Ai Laket!! elkartearen 6 lagun bertaratuko dira gazteek botiltzarra egiten duten tokietara. Bertan, hidratazio, elikatze, kontrol eta garbiketa aholku baliagarriak eskainiko dituzte (ur-botilak, janaria, edalontziak eta zabor-poltsak banatuko dituzte). Horretaz gain, jaietako egitarauaren barruan zer nolako aisia eskaintzak dauden azalduko dizkiete.