Elgoibarko udaletxea

  • Aurrekontua 17,71 milioi eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuz %12,93ko hazkundea suposatzen du, 2 milioi euro gehiago. Zenbatekoaren gorakada, Aita Agirre eraikina birgaitzeko obretan oinarritzen da.
  • Udal Gobernua pozik agertu da, kontuen onarpenak egonkortasun ekonomikoa eta kalitatezko zerbitzu publikak bermatuko dituelako Elgoibarren.
  • Berrikuntzen artean, herritarren parte-hartzerako 200.000 euroko partida bat kontsignatu da besteak beste. Aita Agirreren birgaitze obrez gain, igerilekuak handitzeko proiektua ere azpimarratu behar da, 2018an idatzi (130.000 euro) eta 2019an exekutatuko dena.

Elgoibarko Udalak aurrekontu berriak izango ditu urtarrilean. Gobernu taldearen (EAJPNV) aldeko bozkekin, PSEren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoekin, Elgoibarko Udaleko 2018ko aurrekontuak onartu ziren atzo arratsaldean udaletxeko udalbatza aretoan ospatutako osoko bilkuran.

Modu honetan, Elgoibarko Udalak, 17,71 milioi euroko aurrekontu berri bat izango du 2018ko jarduerari begira. Onartutako azken aurrekontuarekin alderatuz 2 milioi euro gehiago izango ditu Udalak, hau da, %12,93ko gorakada dute atzokoan onetsitako aurrekontuek.

Gobernu taldea pozik agertu da kontu berriak onartu ostean, izan ere, Elgoibarrera egonkortasun ekonomikoa dakarrela adierazi dute eta Udalak legealdirako ezarritako helburuak betetzea ahalbidetuko duela. “Kudeaketako tresnarik garrantzitsuena 2018ko urtarrilerako prest izango dugu eta hori, albiste oso ona da Elgoibarrentzat”.

Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, “aurrekontu hauek kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen dituzte. Kontu onak dira Elgoibarrentzat, beraz, onak dira baita elgoibartarrontzat, udalerri gisa aurrera egiten lagunduko baitigute, bidean inor utzi gabe. Elgoibarko bizilagun bakoitzean oinarritzen den aurrekontu-proiektu honek elgoibartar guztien ongizatea eta bizitza kalitatea bermatzeko lanean jarraitzea bilatzen du”.

Onartutako aurrekontuak, errealistak, orekatuak, zorrozki eginak eta zuhurtzian oinarrituak direla dio udal gobernuak. Udalerriaren etorkizunerako erronka nagusienak biltzen dituen dokumentua, non 2015-2019 Legealdi Planean ezarritako proiektuak jasotzen diren.

Elgoibarko Udaleko egoera ekonomiko-finantziarioa oso osasuntsua da, inolako zorrik gabe. Urtez-urte Udalak ematen duen diagnostikoa mantentzen da. Aurrekontu honek 1.139.278 euroko aurrezkia sortu du, sarrera eta gastu arrunten arteko diferentzia. Aurrezki honek inbertsioetara edo aurrezkira bideratzeko ahalmen zabala emango dio Udalari. Honez gain, udalgidara joz, Elgoibarko adierazle ekonomiko-finantziarioen estatistiketan, ratioak oso onak direla ikus daiteke. Elgoibar Gipuzkoako gainerako udalerrien batazbestekoaren gainetik dago aurrezkiari dagokionez; eta oso azpitik, zor mailari dagokionez.

Inbertsioetara 4,42 milioi euro bideratuko dira

2018an inbertsioak 1,5 milioi euro haziko dira. Berriak diren inbertsio nagusienak honakoak izango dira:

  • Aita Agirre: guztira 2.600.000
    • Eraikina: 1.900.000
    • Altzariak: 350.000
    • Plazaren urbanizazioa: 350.00
  • Pista beltzaren urbanizazioa: 350.000
  • Santa Clarako konbentuaren erosketa: 200.000
  • Auzo bideak konpontzeko: 200.000
  • Kaleen konponketak: 130.000
  • Sigma eta Altzola: 100.000
  • Skate park berria: 70.000
  • Proiektuen idazketa: 180.000
  • Fatxadak berritzeko dirulaguntzak: 75.000
  • Etxebizitza alokatzeko gazteentzako dirulaguntzak: 50.000
  • Herritarren partaidetzarako partida: 200.000
  • GUZTIRA: 4.155.000

Bestalde, badira beste inbertsio batzuk 2017an hasitakoak eta 2018an jarraipena izango dutenak:

  • Musika taldeentzako Pedro Mugurutzan entsegu lokalak.
  • Aita Agirre. 2017an 1.000.000 euro kontsignatu ziren, eta gutxi gora behera 300.000 euro gastatuko dira. Gainontzekoa 2018ra inkorporatuko da. Hala ere, esan beharra dago obraren exekuzioa aurreikusitakoaren arabera doala. Obrak 2017ko udan hasi dira eta 18 hilabete irautea aurreikusten da.

Proiektuen idazketarako 180.000 euroko partida bat jaso da. Hauetatik, 130.000 euro, igerilekuak haunditzeko proiektuarentzat dira (kiroldegiaren erreforma).

Sail desberdinetako erronka nagusiak

Ongizate Saila estrategikoa da. Sail honen aurrekontuak aurrekontu osoarekiko %7ko pisua du. Biztanleko 1.500 euro gastatzen dira. Hori guztia pertsonal gastuak kontuan hartu gabe. Kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatuta daude. Eta behar izanez gero, aurrekontuetan dotazio osagarriak izango dituzte. Hala gizarte zerbitzen kartera mantenduko da, zaintzaileentzako zaintza zerbitzu berria ere azpimarratu behar da (27.000 euro) eta kale hezitzaileak (90.000 euro).

Udal Kirol Patronatuak Udaletik 522.737 euroko transferentzia jasoko du 2018an. Izoztuta egon ostean, ekarpen hau %1,8 igoko da (KPI). Kirol Patronatuaren aurrekontua 1.193.600 eurokoa da. Eskaintza zabala, egokitua eta modernizatua ematen du.

Bestalde, ezin dira ahaztu egunerokotasunean lantzen diren hainbat eta hainbat ekimen: enplegu plana, hezkuntza eta formazio munduarekin inplikazio zuzena (Herri Eskola, Ikastola, Arreiturre institutua, Meka eta IMH), Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin industriari bideratutako aplikazio eta berrikuntza zerbitzuak (Asmaola adibidez), kultura eta euskarara bideratutako dirulaguntzak eta inbertsioak, kalitatezko gizarte zerbitzuak, larrialdiak dituzten herritarrei laguntzak, emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduerak eta berdintasunaren aldeko ekintzak, haur, gazte eta nerabeen saileko plana eta saretze lanak, etxebizitza politikak eta abar.

Aita Agirre kulturgunea: 3 urteko obra

Aipatu bezala, hiru urteko obra potoloa da (2017-2019) eta 4 milioi euro inguru bideratuko dira. Obrak aurtengo udan hasi dira eta aurreikusitakoaren arabera doaz.

Aita Agirreren eraberritzearekin kulturaren aldeko apustu sendoa egin du Gobernu taldeak, Aita Agirre kultur eremu erreferente bihurtzeko eta herrian zein eskualde mailan garrantzitsua izango den kultur gunea izateko helburuarekin. Ondarea zainduz, eraikinari izaera balioanizduna, malgua, modernoa eta funtzionala eman nahi zaio. Elgoibar herri bizia da eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude eta elkarteek nahiz herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea.

Parte hartzea nobedade gisa

2018ko aurrekontuko beste berrikuntzen artean, aipatu beharra dago, herritarren partehartzerako 200.000 euroko partida bat kontsignatu dala. Diru horren xedea hainbat proiektuetarako izango da, egun definitzeke daudenak. Laster informatuko da zein proiektu izango diren eta zein izango den arte hartzeko metodologia. Azkeneko urteetan hainbat parte hartze prozesu gauzatu dira, eta datorren urtean aurrerapauso bat emango da. Udalak herritarren inplikazioa eta lankidetza sustatu nahi du. Horretarako nahitaezkoa izango da gizarte aktiboa eta administrazio hurbila. Udalak bere esku dagoen guztia egingo du gardentasuna eta gobernu irekia bultzatzeko.