Aurten ere, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak jakinarazten du bere abonatuek, iaz bezala, abuztuan zehar Eibarko Orbea kiroldegiko igerilekua erabili ahal izango dutela, gertuko bi herrietako Kirol Patronatuen arteko lankidetza akordioari esker. Izan ere, Olaizaga Kiroldegia abuztuan itxita egongo da, Elgoibarko Udalak instalazioaren urteko garbiketa eta mantenu lan handiak egingo baititu. Udalak erabiltzaileei kalitatezko instalazioak eskaintzen jarraitzeko eta kirola modu osasuntsu, irisgarri eta seguruan praktikatzeko aukera bermatzeko xedez, hilabete horretan igeriketa egiten jarraitu nahi dutenei Eibarko Orbea Kiroldegiko igerilekura joateko aukera emango die.

Hortaz, Udal Kirol Patronatuko abonatuek, Orbea Kiroldegiko igerilekua erabili ahal izateko, aurrez, Olaizaga Kiroldegiko edo Mintxetako harreran abonatu-ziurtagiria jaso beharko dute. Agiri hori Orbeako igerilekuan aurkeztu beharko dute NANarekin batera.

Eibarko Orbea Kiroldegiko igerilekuaren ordutegia honakoa izango da abuztuan zehar:

  • Astelehenetik ostiralera, 9:00-13:00 eta 16:00-19:00
  • Larunbatetan, 9:00-13:00
  • Igande eta jaiegunetan, itxita.  

Halaber, Eibarko Udal Patronatuko abonatuek Mintxetako estali gabeko igerilekuetara etortzeko aukera izango dute abuztuan zehar.