Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra euskaltzaleon topagunea elkarteak 2024rako lankidetza hitzarmena sinatu dute

  • Udalak 222.000 euroko laguntza emango dio elkarteari euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko. 
  • Horrekin batera, hitzarmenaren helburua da  administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzea eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea. 

Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, eta Amaia Sastrek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2024ko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Eurekin batera izan dira Aitor Iriondo, Euskara eta Gazteria eta Hezkuntza arloetako zinegotzi arduraduna, eta Imanol Larrañaga, elkarteko teknikaria.

Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 222.000 euroko dirulaguntza,  iaz baino 12.000 euro gehiago, emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2024an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”.

Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 136.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Gazteria eta Hezkuntza sailetik, berriz, 86.000 euro. 

Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.