- Lila Saria emateko ekitaldia irailaren 17an izango da, 18:30etik aurrera Lila Elgoibarko emakumeen etxean, Elgoibarko Emakumeen Etxearen bosgarren urteurrenarekin bat eginez. Sarrera librea izango da. Ekitaldiaren ondoren, Libe Mendizabal eta Alizia Otxoa protagonista dituen “’Correr la Lilatón con palmas y a lo loco’” antzezlanaz gozatu ahal izango da. Antzezlana Libe Mendizabalek 2016an sortutako eta Donostiako La Farándula lokalean estreinatutako ‘Correr una carrera con palmas y a lo loco’ antzezlanaren moldaketa bat da. Jatorrizko bertsioan, Behobia-Donostia lasterketa ezagunaren ingurukoa zen istorioa.
Obraren alderdi interesgarrienetako bat egileak Lilatoiaren eta antzerki-funtzioaren artean ezartzen duen paralelismoa da. «Festa eta ospakizuna izaten amaitzen dira biak, lehen begiratuan eman dezakeenetik harago», dio. Karrera eta antzerkia topaketarako eta aldarrikapenerako espazio bihurtzen dira, non emakumeek euren burua askatasunez adierazi eta euren esperientziak partekatu ditzaketen.
Aurtengo Lila saria Loredi Salegiri emango zaio. Hainbat arrazoiengatik erabaki da aurtengo Lila saria berari ematea, besteak beste, topaketarako, laguntzarako eta harremanetarako espazioak sustatu dituelako, eta horrek udalerriko gizarte-ehuna indartu duelako; emakume eta gizonen arteko berdintasunaren defentsan erakutsi duen konpromiso pertsonal eta profesionalagatik; berdintasunak oraindik agenda publikoan espazio mugatua betetzen zuenean, hausnarketarako eta parte-hartzerako espazio irekiak sortzearen alde egin zuelako, feminismoa herritarrengana hurbilduz; Uluka Batukada taldeko sorreran parte-hartu eta, gaur egun, talde horren kidea izaten jarraitzen duelako.
Arrazoi horiengatik erabaki da, besteak beste, Loredi Salegiren ibilbidea aitortzea. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiegu proposamena egiteko galdetegia bete zuten guztiei; izan ere, aurten, errekorra hautsi da, inoiz baino hautagaitza gehiago jaso baitira Lila sarirako, 42 proposamen hain zuzen ere.