URAk Elgoibarko Arriaga industrialdeko saneamendu-sarea berritzeko obra hasi du

  • Arriagako saneamendu-sarea eguneratzeko obrak kolektore-zati batzuetan egingo dira, eta kolektore horiek industrialdeko hondakin-urak Debabarreneko Kolektore Nagusiarekin lotuko dituzte.
  • Aurreikusitako gauzatze-aldia sei hilabetekoa da, eta inbertsioa 636.033,24 euro gehi BEZa da.

URA Uraren Euskal Agentziak hasiera eman dio Elgoibarko Arriaga industrialdeko saneamendu-sarea eguneratzeko obrari. Obra hori funtsezkoa da tratamendurik gabeko hondakin-urak Kortazar errekan isurtzeko problematikari aurre egiteko, urtetan iraun baitu.

Arriaga industrialdearen jatorrizko proiektua 1970ekoa da, orduan onartu baitzen enpresa bakoitzak ur beltzak eta industrialak arazteko sistema propioa garatuko zuela. Hala ere, premisa hori ez da bete errealitatean.

2021ean, Uraren Euskal Agentziak proiektua eguneratu zuen. Horren barruan sartzen da Arriaga industrialdeko saneamendu-sarea Debabarreneko kolektore nagusiarekin lotzea, hondakin-urak Elgoibarko Apraitz HUAn tratatzeko aukera emanez.

Elgoibarko Udalak ere ahaleginak egin ditu Arriaga industrialdeko azpiegitura hobetzeko. 2019an, poligonoaren urbanizazioa legeztatzeko proiektu bat egin zen, eta 1. eta 2. faseak gauzatu dira, etorkizun hurbilean hurrengo fasea osatzeko planekin. Proiektu honen helburua da dagoen saneamendu-sare unitarioa sistema bereizle bihurtzea eta errekara isurtzen diren hondakin-uren isurketa zuzenak ezabatzea.

Arriaga industrialdeko saneamendu-sarea eguneratzeko obrak kolektore-zati batzuetan egingo dira, eta kolektore horiek industrialdeko hondakin-urak Debabarreneko kolektore nagusiarekin lotuko dituzte. Aurreikusitako gauzatze-aldia sei hilabetekoa da, eta inbertsioa 636.033,24 euro gehi BEZa da.

Udalak zehaztu duenez, “obra hau urrats garrantzitsua da Arriaga industrialdean tratatu gabeko hondakin-uren isurketaren arazoari aurre egiteko. Uraren Euskal Agentziarekin batera lan egiteak gure lurzoru industrialean ingurumena errespetatzen duen saneamendu-sistema egokia bermatzea ahalbidetuko digu “.