Udalak bilera deitu du Urazandiko bizilagunekin ekainearen 30ean, Errezabalen obrari buruzko informazioa emateko

  • Saio irekia izango da, eta bertan egungo egoera, hurrengo urratsak eta herritarren zalantzak eta ekarpenak azalduko dira.

Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera bat egingo dute Urazandiko bizilagunekin ekainaren 30ean, 19:30etan, Aita Agirreko Areto Nagusian, Errezabalen obraren egoeraren berri emateko eta herritarren zalantzak eta ekarpenak bertatik bertara entzuteko. Deialdia auzoan bizi diren pertsona guztiei zuzenduta dago. Bilera honek aurretik auzotarrekin eta herritarrekin egin diren informazio- eta jarraipen-bilerei jarraipena ematen die, prozesuaren hasieratik mantendu den komunikazio zuzenaren baitan.

Bilera honen aurretik udaleko alderdi politiko guztiekin bilera bat egingo da, politikoki ere eman beharreko azalpenak eman eta elkarlarean aurrera egiteko helburuarekin.

Topaketan, Udalak, auzotarrekin batera, obraren egungo egoera eta hurrengo urratsak eta auzotarrek planteatu nahi dituzten zalantzak eta ekarpenak aztertuko ditu. Helburua argia da: informazioa zuzenean eta gardentasunez partekatzea, zalantzak eta ekarpenak jasotzea, eta horiek proiektuaren jarraipenean eta auzoan izan ditzakeen eraginen kudeaketan kontuan hartzea.

Errezabalen proiektua udalerriaren proiektu estrategikoetako bat da. Elgoibarrentzat eta eskualdearentzat garrantzitsua den proiektua, eta udalerriko arreta- eta hiri-eraldaketarekin lotutako jarduketa nagusietako bat.

Maialen Gurrutxaga alkateak azpimarratu duenez, “Errezabal bezalako proiektu batek auzoari zuzenean eragiten dio eta, beraz, auzoaren ondoan egonez, azaldu eta partekatu behar da. Bilera honek, hain zuzen ere, helburu hori du: zein puntutan gauden eta zer datorren argi azaltzea, baina, batez ere, egin beharreko lanak egin ostean, dagokigun txosten teknikoak aztertuta eta aurrera begira egin beharko lan guztiak berme eta gai honetan adituak diren geologoekin lanketa egin ostean. Horrela, bilera horren aurretik beharrezkoa den informazioa lortzeko lan egin dugu. Helburua bizilagunei bermeak eta irtenbideak aurkeztea da. Erantzunkizun eta konpromiso osoz egiten ari garen lanaren berri emanez eta  bizilagunei entzunez”.

Udalak Urazandiko herritarrak bilerara gonbidatzen ditu, eta aldez aurretik eskertzen ditu haien parte-hartzea eta ekarpenak. Era berean, gogorarazi du auzoarekin komunikazio zuzena mantenduko duela obrek irauten duten bitartean.