San Bartolome 2026 Jaiak balantzea: jai dinamikoak,  parte-hartzaileak eta irekiak 

  • Musikak, sokamuturrak, kale-animazioak eta adin guztietarako jarduerek edizio arrakastatsu  bat osatu dute; elkarte eta eragileekin sortutako jaiek emaitza positiboa laga digute. 

Elgoibarko San Bartolome Jaiak 2026 oso positiboki baloratu daitezke, bai programazioaren  kalitate eta aniztasunagatik, bai herritarren parte-hartze eta erantzun handiagatik. Jai egunetan giro alaia, parte-hartzailea eta gertukoa bizi izan da, eta jarduera ugaritan  publikoaren presentzia nabarmena izan da. 

Musikak edizio honetako alderdirik nabarmenetako bat izan da. Muzak, Süne, Alguillo eta  Alkimistak, Gozategi, Puro Relajo, Kaparrak eta ETS taldeek, besteak beste, publikoaren  erantzun handia lortu dute. Herriko taldeetatik hasita, ETS bezelako talde batera arteko  musika eskaintzak gure herria dantzan jarri du, guztiak koordinatu eta herritarrentzat jai  seguruak izateko lan egin da. Musikak berriro ere frogatu du jaietan giroa eta parte-hartzea  sortzeko duen garrantzia. 

Kale-animazioa ere programazioaren arrakasta handietako bat izan da. Txarangek,  trikitilariek, erraldoi eta buruhandiek eta kalejirek jaia herriko hainbat gunetara eraman dute.  Aurten berrikuntza bat izan da; Ludotekan haurrek sortutako erraldoi txikiak atera dituzte eta  beraiek dantzatu dituzte. Haurrak protagonista izan dira kalejiran eta agerian geratu da  haurrek badutela zaletasuna, horrelako ekintzen bidez sustatu nahi dena. Mauxitxa,  Ustekabe, Betisua, Baltzola eta Lagunak eta Erbuzek giroa bizirik mantendu dute. Aurten  gainera, Txomin Mujika buruhandi berria gehitu zaio konpartsari, eta Deabru Beltzaken Su  Talka ikuskizun piroteknikoak harrera oso ona izan du. 

Sokamuturrek, ohi bezala, harrera handia izan dute eta jaietako protagonista nagusietako bat  izan dira. Ruso, Lopene eta Ibiri ganadutegien parte-hartzeak gure festetako tradizioari eutsi  diote, eta publikoaren presentzia handiak tradizio horrek Elgoibarren duen sustrai sendoa  berretsi du. Elkarte eta tokiko kolektiboen inplikazioa ere nabarmendu behar da, parrokiara  egindako bisita gidatua, larrain-dantza, Salbea, Haritz Euskal Dantzari Taldearen eta udal-banden parte-hartzea, soka-dantza, dantza solteko lehiaketa, bertsolariak eta pilota  profesionaleko jaialdia horren adibide direlarik. 

Haur, nerabe eta gazteei zuzendutako eskaintza zabala eta askotarikoa izan da, eta familiek  parte-hartze esanguratsua izan dute. Nerabeen bazkaria arrakastatsua izan da eta urtez urte  partaidetza handitzen ari da. Adinekoen Egunak topaketa eta aisialdirako gune bereziak sortu  ditu, eta Baserritarren Egunak tokiko izaera indartu du, baserrietako produktuak, Limusin  arrazako abereen erakusketa eta herri-kirolak uztartuz. Kirol-programazioak ere presentzia  nabarmena izan du: Etxaniz Memoriala, pilota profesionaleko jaialdiak, harri-jasotze  lehiaketak eta goitibeheren jaitsiera. 

Udaltzaingoaren aldetik, 2026ko San Bartolome Jaien balorazioa positiboa da. Borroka  kopurua txikia izan da eta jai-garaian liskar jendetsurik ez da egon, aurreko urteetan  izandakoarekin alderatuta emaitza onak erakutsiz. Gorabehera zehatz batzuk egon diren  arren, dispositiboaren eta jai-egunen garapenaren balorazio orokorra positiboa da. 

Prebentzioa, bizikidetza eta inklusioari lotutako baliabideek jai irekiagoak eta seguruagoak  sustatu dituzte: Gune Morea, botiloiaren prebentzio-programa, substantzien inguruko  informazio eta testing guneak, buruhandirik gabeko gunea eta barraketan bi ordu isilak.  Gaueko doako taxi-zerbitzua ere datu oso positiboak izan ditu. Bizikidetzaren ikuspegitik,  balantzea oso positiboa izan da eta jaiak giro alaian eta errespetuzkoan garatu dira.  

Azkenik, eskerrik beroenak eman behar zaizkie jaiak posible egiten dituzten pertsona eta  eragile guztiei: Udaleko Brigadari, garbiketa-zerbitzuei, Kultura Sailari, udaltzaingoari eta  inplikatutako gainerako udal-sailei; elkarte, kolektibo, kirol-klub, gastronomia-elkarte, kultur  talde, musikari, artista, ganadutegi, enpresa eta boluntarioei. Eta bereziki, Elgoibarko  herritarrei eta egun hauetan bisitan etorri direnei, haien parte-hartzeak jaietako giro jatorra  sortzen lagundu duelako. San Bartolome 2026 Jaiek oso balantze ona utzi dute, eta emaitza  honek berretsi egiten du elkarlanean jarraitzearen garrantzia, tradizioei leial diren eta herritar  guztiei irekitako jaiak mantentzeko.

txiki kalejira