Saioa Iraolak eta Ekhine Eizagirrek Gotzon Garate Bekaren IV. edizioaren ikerketa lana aurkeztu dute Elgoibarren

  • Ikerketak “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: Elgoibarko jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko pertzepzioak” du hizpide.
  • Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak ikerketak hizkuntza-integraziorako duen garrantzia azpimarratu du: “euskara integrazioaren ardatz nagusia da”.


Saioa Iraolak eta Ekhine Eizagirrek Gotzon Garate Bekaren IV. edizioaren ikerketa lanaren aurkezpena egin zuten Elgoibarren atzo, irailak 28. Bekaren gai nagusia honako hau da: “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: Elgoibarko jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko pertzepzioak”.


Ekitaldia hasteko, Maialen Gurrutxaga alkateak esker ona adierazi eta ongietorri beroa egin zien bertaratu zirenei. Alkateak bekaren deialdiaren arrazoiak azaldu zituen, eta Elgoibarko hizkuntza aniztasunerako duen garrantzia azpimarratu zuen.

IV. GOTZON GARATE BEKAREN AURKEZPENA

Bekaren helburua izan da Elgoibarren bizi diren jatorri askotariko pertsonek euskararekiko dituzten pertzepzioak aztertzea eta, etorkizunean, haien hizkuntza-integrazioan lagunduko duten esku-hartzeetarako funtsezko gakoak identifikatzea. Gainera, alkateak Udalak arlo horretan abian dituen proiektuak aipatu zituen, hala nola, Auzoko proiektua, Berbazulo, Mintzaon, Harrera plana eta Aisa euskara ikastaroak.

Ekitaldia euskaraz egin zen, baina Telegram aplikazioaren bidez gaztelaniara itzultzeko zerbitzua eskaini zitzaien behar izan zutenei.

Saioak eta Ekhik ikerlanean parte hartu zuten 12 pertsonei egindako elkarrizketen emaitzak aurkeztu zituzten, eta hizkuntzarekin eta bizikidetzarekin lotutako gaiei buruzko ikuspegi sakonagoa eman zuten. Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoek mundu osoko janariez gozatzeko aukera izan zuten.

mundu osoko janariaren daztaketa

Lanaren ondorio nagusiak aipatzean, jatorri desberdineko biztanleen aniztasuna nabarmendu zuten, baita jatorria, generoa, arrazakeria eta maila ekonomikoa moduko faktoreek euskararekiko pertzepzioan eta hurbilketan duten eragina ere. Nabarmendu zuten bizi-baldintzek berebiziko garrantzia dutela tokiko hizkuntza eskuratzeko orduan, eta beharrezkoa dela denbora, espazioa eta aukerak izatea hizkuntza hizkuntza bat ikasteko eta erabiltzeko. Gainera, bizi-baldintzek pertsonen hizkuntza-ideologian eragina izan dezaketela azpimarratu zuten.

 

Lanaren txosten osoa bost hizkuntzatan dago eskuragarri Udalaren webgunean, eta laburpen-liburuxka bat ere eskuragarri dago online eta inprimatutako formatuan, Euskara Sailean eta Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ). Materiala esteka honetan ere eskura daiteke: https://elgoibar.info/zerbitzuak/euskara/#, baita lan honekin lotutako podcast-a ere.