Pablo Astrainen ‘Ibai berria’ diseinua aukeratu dute herritarrek Santa Ana kaleko muralerako

  • Diseinu honek zenbatutako botoen erdia baino gehiago jaso du: herritarrek emandako 980 botoetatik 445. Azken urteetako parte-hartze prozesu jendetsuena izan da.

Elgoibartarrek dagoeneko aukeratu dute Udalak Santa Ana kalean margotuko duen murala, azken urteotako parte-hartze handienarekin: Pablo Astrainen ‘Ibai berria’ diseinua izango da, eta putzu batean salto egiten duen haurra proiektatuko du.

Diseinu honek botoen erdia baino gehiago jaso ditu: herritarrek emandako 980 botoetatik 445. 738 boto web bidez jaso dira eta 242 formatu fisikoan. Parte-hartzearen datua, esaterako, partaidetza-aurrekontuen azken prozesuaren (572) ia bikoitza da. Elgoibartarren parte-hartze jendetsua nabarmendu eta eskertu du Udalak.

Bozketan parte hartu dutenen artean 3 erosketa bonu zozkatu dira Txankakua Merkatarien Elkartera atxikitako saltokietan trukatzeko. Monica Andonegui Zubiaurre, Maite Cid Corbillon eta Ander Osoro Casquero izan dira irabazleak.

Artby proiektuaren eta Elgoibarko Udalaren eskutik, lau euskal artistak hartu dute parte, eta bina diseinu aurkeztu zituzten: Sortwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena eta Jabier Rodríguez.

Proiektuaren helburua udalerriko txoko hau berreskuratzea eta atseginagoa egitea da, herritarren gozamenerako.

Murala datozen asteetan hasiko dira margotzen.