- Ekainaren 15ean hasitako berritze eta handitze lanen ondoren, muskulazio-gelak bihar irekiko ditu ateak berriro; proiektua DanobatGroupen laguntzari esker atera da aurrera, 125.000 euroko ekarpena egin baitu.
Elgoibarko Udalak jakinarazi du Mintxetako muskulazio gelak bihar, irailaren 1ean, irekiko dituela ateak, ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:30era; larunbatetan 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igande eta jai egunetan 9:00etatik 13:00etara. Ekainaren 15ean hasitako berritze eta handitze lanen ondoren. Irailaren hasierarako jarritako helburua bete da: muskulazio-gela berrituta, handituta, hobetuta eta herritarrentzat prest dago.
Proiektuak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, instalazioak modernizatzea eta kalitatea hobetzea, eta, bestetik, espazioari 240 metro karratu gehitzea, erabiltzaileei ingurune funtzionalagoa eta erosoagoa eskaintzeko. Obrak egin bitartean, kardio-makinak eta poleak IMH kiroldegiko kantxara eraman ziren, abonatuei zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko. Udan egindako esku-hartzean 23 makina berri sartu dira eta beste hainbat makina ere mantendu dira, instalazioaren ekipamendua handituz.
Proiektua erakunde- eta enpresa-lankidetza esanguratsu baten emaitza da. Lizitazioaren prezioa 206.760,90 eurokoa zen (BEZik gabe), eta esleipena 186.073,41 eurotan itxi zen (BEZik gabe), hasierako aurrekontuarekin alderatuta aurrezpen nabarmena lortuz. Elecnor enpresak egin ditu obrak. Bestalde 20 makina berri erosteko 65.701,71 euro (BEZa barne) inbertitu dira. Proiektuak, gainera, DanobatGroupen laguntzari esker egin du aurrera, 125.000 euroko ekarpena egin baitu obrak finantzatzeko, udalerriaren eta tokiko enpresaren arteko konpromisoaren eta udalerriaren garapenean duten inplikazioaren adibide garbia. Elgoibarko Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkio Danobati emandako babesagatik, instalazio publikoen hobekuntzan erakutsitako jarrera eredugarriagatik eta lankidetza hori posible egiteagatik.
Muskulazio gela, bihar, irailaren 1ean, zabalduko da berrituta ohiko ordutegian.
Proiektu hau ez da ekimen isolatua; Legealdi Planean txertatutako apustu estrategiko baten emaitza zuzena da, Herri Bizixa ildo estrategikoari erantzuten diona. 2023an, Udal Gobernu Taldeak konpromiso argia hartu zuen: kirola eraldaketarako tresna gisa erabiltzea. Konpromiso horri jarraituz, Mintxetako, Olaizagako eta IMHko kirol-azpiegiturak hobetzeko inbertsioa gauzatzen ari da. Jardun horrek koherentziaz erantzuten dio legegintzaldiaren hasieratik ezarritako bideari.
Elgoibarko Udalak muskulazio berrituaren eta hobetuaren aretora hurbiltzeko deia egin die erabiltzaile guztiei, eta barkamenak eskatzen dizkie berrikuntzak burutu diren denboran sortutako eragozpenengatikako.