Martxoaren 19an “Bizkarsoro” filma eskainiko da Elgoibarren Korrika Kulturalaren programazioaren baitan

  • Elgoibartarrek Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro fikziozko filma ikusteko aukera izango dute, Korrika Kulturalaren baitan, Korrika herrira iritsi bezperan.

Elgoibarko Udalak, AEK euskaltegiak eta Ongarri Zineklubak “Bizkarsoro” euskarazko filmaren emanaldia antolatu dute martxoaren 19an, asteazkena. Filmaren bi emanaldi eskainiko dira Herriko Antzokian dohainik.

Lehenengo saioa, goizeko 9:15ean izango da, eta bertan parte hartuko dute herriko ikastetxeetako DBH4ko eta Batxilergoko ikasleek. Bigarrena, berriz, arratsaldeko 19:00etan izango da, eta herritar guztientzat zabalik egongo da.

Bizkarsoro, Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen fikziozko herria

Josu Martinez zinemagileak zuzendutako lehen fikziozko lana da “Bizkarsoro”, eta Nafarroa Behereko fikziozko herri batean kokatzen da. 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio erreal kontatzen ditu, eta euskarak eta euskaldunek jasandako jazarpena du hizpide. Bizkarsoro ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.

Filma fikziozkoa izanik ere, benetako istorioak jarri dizkigu begien aurrean Martinezek; izan ere, kontatzen du nola zigortzen zituzten herritarrak, euskaraz hitz egite hutsagatik.