Kontziliazio Erantzukideari buruzko Elgoibarko enpresen Diagnosia partekatzeko topaketa egin da IMH Campus-en

  • Prozesuan ari dira parte hartzen tokiko 14 enpresa: Ajubita, Alkorta Forginf Group, AVS, Berkoa, Bronymec, Danobat Group, Danobat S.coop, Etxepe, HRE automation, Ideko, Metala, Nordplastic 5.2, Schaeffler Iberia – Rodisa eta Torneados Bello. 
  • Elgoibarko Udalaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzen lagunduko duen kontziliazio-estrategia garatzea. 

Elgoibarko Udalak, 2023 urte hasieran, langileen kontziliazio erantzukideari buruzko azterlan bat jarri zuen abian, herriko enpresa industrial ugarirekin batera.

Kontziliazio-neurriak garatuz talentu hori atxikitzen eta erakartzen laguntzeko udalerriko erakundeei, Elgoibarko Udalak, bere Berdintasun arloaren bitartez, proiektu pilotu bat jarri du abian udalerriko industria-sektoreko enpresekin. 

Prozesuan ari dira parte hartzen tokiko 14 enpresa: Ajubita, Alkorta Forginf Group, AVS, Berkoa, Bronymec, Danobat Group, Danobat S.coop, Etxepe, HRE automation, Ideko, Metala, Nordplastic 5.2, Schaeffler Iberia – Rodisa eta Torneados Bello. 

Diagnostiko bat egin da, langileen arduradunak bete beharreko online galdetegi labur baten bidez, eta ondorio horiek txosten batean jaso dira, zeina pasa den ostiralean, ekainak 9, aurkeztu zen IMHn ospatutako Kontziliazio Erantzukideari buruzko Elgoibarko I. Foroan. Aipatutako enpresetako ordezkariez gain, IMH Campus-eko ordezkariak eta Maialen Gurrutxaga jarduneko Berdintasun zinegotziak hartu dute parte. 

Azaldu dira, halaber, enpresetako jardunbide egokien adibideak, indarrean dauden dirulaguntzei buruzko informazioa eta enpresen eta erakundeen esparruan egiten ari diren ekintzak, kontziliazio erantzukidearen bidez talentuaren atxikipena eta erakarpena hobetzeko.

Maialen Gurrutxagak aldarrikatu du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzen lagunduko duen kontziliazio-estrategia ona izatearen garrantzia: “jakin badakigu, lana bilatzea eta hobetzea helburu dugunean, kontziliazio erantzukidea dela langileei gehien interesatzen zaien neurrietako bat. Eta garbi esan nahi duguna zera da: Kontziliazioa, familiaren ikuspegitik, ez dela adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzea bakarrik, eremu pertsonalaren (atsedena, aisialdia, kirola) eta lan-esparruaren (garapen profesionala, baliabide-hornidura…) ikuspegitik ere landu behar den gaia da eta”.

“Badakigu enpresentzat zaila dela talentua duten pertsonak atxikitzea eta erakartzea. Industria-erakundeek gero eta gehiago inbertitzen dute langileak enpresan gelditzeko eta beren erakundeetan lan egin nahi duten pertsonak erakartzeko bultzatzen dituzten estrategietan eta neurrietan. Frogatu da kontziliazio erantzukideko politikak aplikatzen dituzten enpresek produktibitatea handitzea, motibazioa eta lan-giroa hobetzea lortzen dutela, bajak eta absentismoa murrizten dituztela eta, azken batean, talentua atxikitzen eta erakartzen dutela; beraz, etorkizuneko inbertsioa dira”.