Kantak, jolasak eta “Hazi hezi” aldizkaria Elgoibarko haur jaioberrien gurasoentzat

  • Kanpaina bideratu ahal izateko, gurasoek, Arreta bulegoan haurra erroldatzerakoan, gutuna eta biorrikoa jasoko dute, baita Kantu-Jolasen Bilduma eta Hazi Hezi aldizkaria ere.

Elgoibarko Udalak laguntza eskaini nahi die etxeko heziketa lanetan guraso izan berriei. Horrela bada, gurasoei zuzenduriko HAZI HEZI aldizkariaren erreportaje-sorta baten bilduma jasotzen dute haur jaioberrien gurasoek Elgoibarren. Haurra Udalaren Arreta bulegoan erroldatzerakoan jasoko dute aldizkari berezi hori. Gainera, Udalari esker, urtebeteko harpidetza (4 zenbaki) doan eskuratzeko aukera ere izango dute.

Aldizkari hori interesgarria bada ere, ez dugu ahaztu behar, hizkuntzaren transmisioan gurasoek duten garrantziaz jabeturik, Udalak urteak daramatzala haurra izan berri duten gurasoei zuzenduriko transmisio kanpaina antolatzen. Kanpaina horren baitan, lau euskarri erabiliko ditu Udalak aurten:

    • Gutuna: haur jaioberriarengatik zorionak emateko eta euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua emateko. Udalak, bidenabar, euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituela gogorarazten die gurasoei, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordaintzen baitute euskaltegietan. 
    • Biorrikoa: gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu dira: lehenengoa, guraso euskaldunei zuzendutakoa; bigarrena, guraso erdaldunei zuzendutakoa; eta hirugarrena, guraso mistoei zuzendutakoa. 
  • Hazi Hezi aldizkariaren bilduma berezia, eta urtebeteko harpidetza doan.
  • Kanta-jolasen USBa: Izan zoriontsu eta Punpalaplan II. 

Kanpaina bideratu ahal izateko, gurasoek, Arreta bulegoan haurra erroldatzerakoan, gutuna eta biorrikoa jasoko dute, baita Kantu-Jolasen Bilduma eta Hazi Hezi aldizkaria ere.