Jatorri atzerritarreko herritarrentzako AISA I euskara ikastaroaren ikasturte berria, abian

  • Izen-ematea irailaren 25era arte egongo da zabalik Elgoibarko Udal Euskaltegian (Aita Agirre kulturgunea).

Elgoibarko Udal Euskaltegiak, Udalak abian duen “Auzoko” egitasmoaren baitan, euskara ikasteko eta euskal kulturarekin harremanetan jartzeko aukera eman nahi diete gure herrira bizitzera etorri diren jatorri askotariko pertsonei. Horretarako, joan den ikasturtean eskaini zuen ikastaroaren ildotik, oraingoan ere AISA I euskara ikastaro berezia eskainiko du jatorri ezberdinetako bizilagunentzat, euskara ikasteko interesa izanez gero, hizkuntza honetara hurbiltzeko aukera izan dezaten. Ikastaro berezi hau 60 ordukoa da, eta berariaz prestatutako ikasmateriala erabiliko da bertan. 

Ikastaroa 60 ordukoa izango da, eta Elgoibarko Udal Euskaltegian emango urritik otsailera bitartean. Klase egunak eta ordutegiak taldekideen arabera ezarriko dira. Ikastaroan parte hartu ahal izateko 16 urte beteta izan eta 25 € ordaindu beharko dira. 

Ikastaro honetan gure gizartea hobeto ezagutzeko gai motibagarri eta lagungarriak landuko dira: agurrak zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, merkatua… Gai horietan, arreta berezia jarriko zaio hiztegiari eta hizkuntzaren oinarrizko ulermenari (kaleko errotuluak, kartelak…).

Izen-ematea irailaren 25era arte egongo da zabalik Elgoibarko Udal Euskaltegian (Aita Agirre kulturgunea, Aita Agirre plaza, 3. solairua; udaleuskaltegia.elgoibar@debabe.eus; 943742731).