Itziar Ajuria Garateri, Elgoibarko Ikastolari hasiera eman zion lehen andereñoari, eman diote II. Lila Saria

  • 1962an ekin zion Elgoibar Ikastolak bere ibilbideari, euskal kulturaren aldeko mugimendua bultzatuz. Itziar Ajuria lehen urrats haietan parte-hartze aktiboa izan zuen, bertan lehen andereñoa izan zelarik. 
  • Aurtengo ekainean zendu zen Itziar Ajuria Garate, 99 urte zituela. Bere oinordekoek hartu dute saria Lila etxearen II. urteurreneko jaiaren baitan. 

Lila Emakumeen Etxeak, Itziar Ajuria Garateri, Elgoibarko Ikastolari hasiera eman zion lehen andereñoari, eman dio II. Lila Saria.

Aurtengo ekainean zendu zen Itziar Ajuria Garate, 99 urte zituela. Bere oinordekoek hartu dute saria Lila etxearen II. urteurreneko jaiaren baitan. 

 

Itziar Ajuria Garate

1962an ekin zion Elgoibar Ikastolak bere ibilbideari, euskal kulturaren aldeko mugimendua bultzatuz. Itziar Ajuria lehen urrats haietan parte-hartze aktiboa izan zuen, bertan lehen andereñoa izan zelarik. Garai hartan ametsak besterik ez zirenak gaur egun errealitate bilakatu dira, bide luze horretan eginiko ahalegina eta eskainitako lankidetza oinarri izan direlarik.  

Arratiako Ubide herriko Anbe baserrikoa zuen aita Itziar Ajuriak, eta debarra ama, eta umetan etorri zen Elgoibarrera. Eskola publikoetan 15 urtera arte ikasi eta gero, familiako jostundegian egin zuen lan 38 urte bete arte. Ondoren, Banco de San Sebastianen hasi zen lanean, letrak kobratzen, baina banketxeak berak kanporatu egin zuen gero, emakume batentzako lana ez zela iritzita. Baina euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik izan da bereziki ezaguna eta estimatua Elgoibarren. 50eko hamarkadan, euskal kulturaren aldeko mugimendu ezkutu eta isilaren lehen urratsetan parte-hartze aktiboa izan zuen, eta 1962an zabaldu zuten Elgoibarko lehen ikastolako lehenengo andereñoa izan zen, Loritoneko ikastola deitzen zioten hartakoa. 

Elgoibarko Izarrak erosi zuen San Frantzisko kaleko 24. zenbakiko lokala (Loritoneko Ikastola), eta bertan hasi zen andereño Ajuria, Karmele Esnal andereñoaren laguntzaz ikastaldi bat egin ondoren. 1962ko maiatzaren 2an ekin zion andereño lanari, 29 ume txikirekin. Ez zuen hasiera errazik izan. Antolakuntza pedagogikoari dagokionez, zailak izan ziren urte haiek, eta soldata urriarekin eta Gizarte Segurantza kotizatu gabe egin zuten lan garai hartako andereñoek, tartean.  Itziar Ajuriak 1986. urtera arte egin zuen lan ikastolan. 

Frankismoan klandestinitatean jardun zuten euskal andereñoak omendu zituzten 2006ko Sabino Arana Sariarekin. 205 andereñok osatzen dute kolektibo hori, eta tartean 5 elgoibartar daude: Itziar Ajuria, Jone Etxabe, Nekane Iturbe, Mari Isabel Mujika eta Mari Juli Konde.

 

Lila saria

Lila Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea Elgoibarko udalerriko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturaleko edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu duten eta/edo nabarmendu duten pertsonek eta/edo erakundeek egindako lana.

Parte hartu duten 5 hautagaitzak Elgoibarko udalerriko erakunde eta pertsona fisikoek proposatu dituzte. Hautaketa-epaimahaia Lilako Mahaiko bi kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Arloko arduradunak eta alkateak osatu dute.