2020ko edizioa irabazi zuen argazkiak

 

  • Lehiaketa interesa duen orori zuzenduta dago, haur, gazte zein nerabe, profesional edo zaletu orori, eta lanak azaroaren 26a bitarte aurkeztu ahal izango dira Olaizaga kiroldegian. Lehiaketaren gai nagusia kirola izango da, bere arlo zein modalitate guztietan.

  • Irabazleak epaimahai batek aukeratuko ditu, eta argazki horiek, saria jasotzeaz gain, jendaurrean jarriko dira ikusgai abenduaren 10etik 18ra bitartean Kultur Etxean egingo den erakusketan.

  • OINARRIAK

Abian da, beste urte batez, Elgoibarko kirol argazkien lehiaketa. Aurtengoa lehiaketaren XVII. edizioa da jada, eta Elgoibarko Udalak (Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Saila eta Kirol Patronatua) eta Ongarri argazkilari elkarteak antolatu dute elkarlanean.

 

Ohikoena lehiaketa hau udan egitea bada ere, Covid-19a dela eta udazkenera atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, parte-hartzaileek argazkiak egiteko kirol ikuskizun, lehiaketa eta ekintza gehiago izan ditzaten aukeran.

Horri jarraiki, gaurtik hasita eta azaroaren 26a arte, zabalik dago lehiaketa honetan parte hartzeko epea. Interesa duen orori dago zuzenduta, haur, gazte zein nerabe, profesional edo zaletu orori, eta gai nagusia, noski, kirola izango da, bere arlo zein modalitate guztietan.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 4 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, originalak eta argitaratu gabeak. Argazki horiek, halaber, paperean aurkeztu beharko dira, koloretan nahiz zuri-beltzean, eta irudiak tratatzeko edozein prozedura edo teknika onartuko da.

Lanak Olaizaga kiroldegian aurkeztu beharko dira (32. posta kutxatilan) azaroaren 26rako. Argazki bakoitzaren atzean izenburua edo leloa eta zein mailatara (herritarrak, gazteak, orokorra) aurkezten den adierazi beharko da, eta horrekin batera, partaidearen datuak kartazal baten barruan.

Mailak eta sariak:

HERRITARRENTZAKO SARIA: Elgoibarren bizi direnek aurkeztutako argazkirik onena sarituko da.

    • Saria: 200 €

GAZTEENTZAKO SARIA: 18‐ 30 urte bitarteko gazteak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak.

  • 1. saria: 300 €

  • 2. saria: 200 €

SARI OROKORRA: 30 urtetik gorakoak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak.

  • 1. saria: 300 €

  • 2. saria: 200 €

Epaimahai batek aukeratuko ditu argazki saridunak abenduaren 1etik aurrera, eta horiekin argazki erakusketa bat egingo da Kultur Etxean abenduaren 10etik 18ra bitartean, arratsaldeko 18:30etatik 20:30era. Sari banaketaren berri, aurrerago emango du Udalak.

Oinarrien inguruko informazio guztia www.elgoibar.eus webgunean dago ikusgai.