Gaba Beltzak ihes gela, beldurrezko ipuinak eta Ibilaldi Beltza izango ditu osagai Elgoibarren

  • Urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte ihes gela izango da, urriaren 30ean Miru Sorginaren beldurrezko ipuinak eta 31n mozorro tailerra eta Ibilaldi Beltza.  
  • Informazio guztia www.labur.eus/gababeltza web orrialdean dago eskuragarri.

Gaba Beltza gertu da Elgoibarren. Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtuz jolasean aritzeko parada eman ohi digu. 

Erritual ugari mantendu dituen herria da Elgoibar. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin.. 

Beraz, ohitura hura hartu eta berrasmatu egin nahi izan dute Elgoibarren Hezkuntza Mahaiko kideek (Udala: Gazteria, Kirola eta Ludoteka, Atxutxiamaika, Inazio Bereziartua dantza eta musika eskola, Herri Eskola eta Elgoibar Ikastola ), herriko zenbait eragilerekin elkarlanean ( Egur arte tailerra, Atabal elkartea).

Honakoa da 2023rako antolatutako egitaraua: 

  • Ihes-gela. Gaba Beltzeko tematika hartuta, Ihes-gela antolatu da 6-18 urte bitarteko ume, nerabe eta familientzat. Urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte 27 saio ezberdin izango dira. Ordutegien kontsulta eta izen-ematea www.labur.eus/gababeltza. Ekintza euskaraz izango da.
  • Beldurrezko ipuinak, Miru sorginaren eskutik. Urriaren 30ean Aita Agirreko Areto Nagusian. LH1 haurrentzat, 17:00etan eta LH2-3 mailetako haurrentzat, 17:30ean. Gotzon Garate udal liburutegiak antolatutako ekintza da hau. 
  • Ibilaldi beltza. Aurreko urteko programari jarraituz, aurtengoan ere girotutako ibilaldia egingo da Kalegoen Plazatik Maalako parkeraino. Hau urriaren 31n izango da, 19:15ean. Aurrez, 18:00etatik aurrera, mozorro tailerra izango da Kalegoen Plazan. 

Informazio guztia www.labur.eus/gababeltza web orrialdean dago eskuragarri. Antolatzaileek herritar guztiei ekimenean parte hartzeko deia luzatzen die.