Elgoibarko Udalak Maialen Gurrutxaga alkatearen aurka Altzolan egindako pintaketa sexistak gaitzetsi ditu 

Elgoibarko Udalak bere gaitzespen irmoa adierazi du Maialen Gurrutxaga alkatearen aurka Altzolan egin berri diren ekintza bandalikoen aurrean.

Goizaldean pintaketa iraingarri eta sexistak egin dituzte Altzolan, Maialen Gurrutxaga alkatearen aurkako mezuak adierazteko. Ekintza horiek Elgoibarko bizikidetza baketsu eta demokratikoaren printzipioen guztiz aurkakoak dira.

Barkaezina da ekintza bandaliko horien helburua ordezkari hautatu batek herriaren borondatearen alde egiten duen lan legitimoa ikaratzea edo mugatzea izatea. Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea bada ere, ez da inoiz aitzakia gisa erabili behar edozein pertsonaren duintasunari edo osotasunari erasotzeko. Badira beste bide zilegi eta zibilizatu batzuk ideiak, proposamenak edo kexak adierazteko.

Elgoibarko Udalak dei egiten die Elgoibarko herritarrei edozein indarkeria, gorroto edo intolerantzia mota arbuiatzeko, eta gure udalerrian elkarrekiko errespetua eta elkarbizitza baketsua sustatzeko.

Elgoibartar guztientzat gizarte justuagoa, inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa eraikitzeko lanean jarraituko du Udalak.