Elgoibarko Udalak gogobetetze inkesta bat egingo du Herriko Antzokiari buruz

  • Galdetegia Herritarren Arreta Zerbitzuan jaso ahal izango da azaroaren 6tik aurrera, eta betetzeko epea azaroaren 20an bukatuko da. 
  • Galdetegia online ere bete daiteke honako esteka honetan: https://labur.eus/HerrikoAntzokia
  • Inkesta honen xedea da jakitea ea herritarrak gustura dauden Herriko Antzokia ematen ari den zerbitzuarekin; eta horrela izan ezean, egon daitezkeen proposamenak jasotzea.

Elgoibarko kultur programazioa aberasteko eta eskaintza artistikoa sendotzeko asmotan, Udaleko Kultura Sailak inkesta bat egingo du herritarrek zinearen, antzerkiaren eta Herriko Antzokian programatu daitezkeen diziplinen inguruan dituzten nahiei eta premiei buruz.

Inkestaren xedea da elgoibartarrek herrian programatzen diren filmekin eta antzerkiekin izaten dituzten esperientzien inguruko iritziak jasotzea. “Jakin nahi dugu zein diren Herriko Antzokiko erabiltzaileek gogokoen dituzten gauzak, zein genero edo formatu nahiago duten, eta nola hobetu eta dibertsifikatu dezakegun Elgoibarko kultur eskaintza” adierazi dute sailetik.

Galdetegia udal webgunean (www.elgoibar.eus) edo whatsapp bidez eskuratu ahal da, eta baita, era fisikoan, HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan. “Zure denbora eta iradokizunak baloratzen ditugu, horrexegatik, galdetegia erraz ulertzeko eta erantzuteko modukoa dela ziurtatu dugu, baita mota hauetako inkestetan parte hartzeko aurreko esperientziarik ez baduzu ere” nabarmendu dute.

Erantzun guztiak erabat anonimoak eta konfidentzialak izango dira. Ez da inolako informazio pertsonalik jasoko, eta datuak zerbitzuak hobetzeko bakarrik erabiliko dira. 

Eskertza moduan, parte hartzen duten guztiek zozketa berezi batean parte hartzeko aukera izango dute galdetegia bete ostean. Zozketan, 80 euroko bonu bat irabazi ahal izango dute Txankakua Merkatarien Elkarteari atxikitako dendetan gastatzeko. 

Azaroaren 6tik aurrera jaso ahal izango da galdetegia HAZen, eta betetzeko azken eguna azaroaren 20a izango da. Galdetegia honako leku hauetan utzi behar da: HAZ, Jubilatuen Biltokia, Aita Agirre kulturgunea, Olaizaga kiroldegia edo I. Bereziartua Musika Eskola. Galdetegia online esteka honetan: https://labur.eus/HerrikoAntzokia.

Udalak erabiltzaile guztiak eta erabiltzaile ez direnak animatzen ditu galdetegia betetzera.