Elgoibarko Udalak gogobetetze inkesta bat egingo du Gotzon Garate Udal Liburutegiari buruz

  • Galdetegia Santa Ana kaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan jaso ahal izango da ekainaren 5etik aurrera, eta betetzeko epea ekainaren 20an bukatuko da. 
  • Galdetegia online ere bete daiteke honako esteka honetan
  • Inkesta honen xedea da jakitea ea herritarrak gustura dauden liburutegia ematen ari den zerbitzuarekin, eta horrela izan ezean, egon daitezkeen proposamenak jasotzea.

Udal Liburutegian gure ezagutza zabaldu, ikasi eta gure bizitza aberastu dezakegu irakurketaren bitartez. Gure erabiltzaileen premietara hobeto egokitzeko eta zerbitzu eta baliabide aproposagoak eskaintzeko, beharrezkoa da haiek diotena jasotzea.

Erabiltzaileek gure liburutegian izan ohi duten esperientziari buruzko informazio garrantzitsua jasotzeko diseinatu dugu galdetegia. Zer duzun gogokoen jakin nahi dugu, ze zerbitzu diren zuretzat erabilgarrienak eta ze hobekuntza txertatu ahal izango genukeen zure premiak are modu eraginkorragoan asetzeko. Zure parte-hartzea ezinbestekoa da, liburutegia nola hobetu dezakegun ulertzen laguntzeko eta, zuri, liburutegi paregabea eskaintzeko.

Galdetegia azkar eta erraz betetzen da. Gure webgunean (www.elgoibar.eus) edo whatsapp bidez eskuratu ahal izango duzu, edo bestela, gure instalazioetara bertaratu eta HAZeko mahaian inprimatutako kopia bat eskatu ahal izango duzu. Zure denbora eta iradokizunak baloratzen ditugu, horrexegatik, galdetegia erraz ulertzeko eta erantzuteko modukoa dela ziurtatu dugu, baita mota hauetako inkestetan parte hartzeko aurreko esperientziarik ez baduzu ere.

Azpimarratu nahi dugu erantzun guztiak erabat anonimoak eta konfidentzialak izango direla. Ez da inolako informazio pertsonalik jasoko, eta datuak gure zerbitzuak hobetzeko bakarrik erabiliko dira. Zure pribatutasunak berebiziko garrantzia du guretzat.

Zure partaidetzagatik eskerrak emateko, zozketa berezi batean parte hartzeko aukera izango duzu galdetegia bete ostean. Zozketan, 80 euroko bonu bat irabazi ahal izango duzu Txankakua Merkatarien Elkarteari atxikitako dendetan gastatzeko, zure denbora baliotsuagatik eta zure iradokizunengatik eskerrak emateko.

Zure iritzia gurekin partekatzera animatzen zaitugu! Lagundu Gotzon Garate Liburutegia zure irakurketa eta ezagutza premiak asetzeko leku ideala bihurtzen! Elkarrekin, baliabide are baliotsuagoa bihurtu ahal izango dugu gure liburutegia.

Ekainaren 5etik aurrera, galdetegia Udaleko HAZen jaso ahal izango da, eta betetzeko epea ekainaren 20an bukatuko da. Galdetegia honako leku hauetan utzi behar da: HAZ, Jubilatuen Biltokia, Aita Agirre kulturgunea, Olaizaga kiroldegia edo I. Bereziartua Musika Eskola. 

Galdetegia online ere bete daiteke honako esteka honetan: https://labur.eus/GotzonGarateLiburutegia

Beharrezkoa da ahalik eta galdetegi gehien jasotzea herritarrek izan ditzaketen proposamenei erantzuteko eta liburutegiaren zerbitzua hobetzeko. Horrexegatik, Udalak Liburutegia erabiltzen duten eta erabiltzen ez duten pertsona guztiak animatu nahi ditu galdetegia betetzera.