Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek bat egin dute seigarrenez BIZILABE programaren bidez STEAM hezkuntza sustatzeko

  • BIZILABE, 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko eta ekintzailetzarekiko interesa sustatzeko aisialdi jarduera da.

Elgoibarko Udalak eta Elhuyar Fundazioak hitzarmena sinatu dute berriz ere herrian Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikarekin (STEAM, ingelesez) lotutako arloetan hezkuntza indartzeko 2024an. 35.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Elhuyarri ekimena garatzeko. Gazteen garapena eta motibazioa arlo horietan bultzatzera bideratutako itun honek bi erakundeek Elgoibarko gazteriaren prestakuntzarekin eta etorkizun profesionalarekin duten konpromiso bateratua islatzen du.

BIZILABE proiektuak 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko eta ekintzailetzarekiko interesa sustatzeko helburua du. Programak askotariko jarduerak eskainiko ditu, hala nola tailerrak eta proiektu praktikoak, profesionalen eta aholkularien laguntzarekin, parte-hartzaileen trebetasunak eta ahalduntzea sustatzeko helburuarekin.

BIZILABEren jarduera Elgoibarko IMH Campus zentroaren instalazioetan garatzen da, beste proiektu batzuekin espazioa partekatuz, ikaskuntza- eta lankidetza-ingurunea aberastuz. 

Hitzarmenak erantzukizun batzuk ezartzen ditu Elgoibarko Udalarentzat eta Elhuyar Fundazioarentzat, proiektuaren garapen eta jarraipen egokia bermatzeko. Udaleko Ekonomia Sustatzeko Saila arduratuko da ezarritako baldintzak eta helburuak betetzen direla gainbegiratzeaz.

Akordio hau berriztea urrats garrantzitsua da Elgoibarrek hezkuntzarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoan, bai eta udalerriaren hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko aukera ere, gazteak etorkizunerako garrantzi handiko arloetan trebatzen jarraituz.