- Jira bueltan’ bildumak 51 kanta eta jolas jasotzen ditu guztira. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak.
Elgoibarko Udalak, Badihardugu elkartearen “ahotsak ikasgelan” proiektuaren baitan, eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko udalekin elkarlanean, Jira bueltan izeneko liburuxka eta DVDa argitaratu zuen 2018ko abenduan. Lau herrietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte egitasmo honetan. Gurean, Herri Eskolako eta Ikastolako haurrak izan ziren parte hartu zutenak.
51 kanta eta jolas jaso ziren guztira. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak.
Ikasturte honetan ere, ikastetxeetan banatuko du Jira Bueltan liburuxka-DVDa Elgoibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako 1. mailan, hain zuzen. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat.
Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” webgunean ere jarri dira herritarren eskura: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/ .
Zer da Jira Bueltan?
Bilduma bat: 14 jolas, 30 kanta-jolas eta 7 abesti
Liburuxka (letrak, azalpenak, irudiak) eta DVDa (bideoak)
Zer adinetako umeentzat?
0-12 urte, baina batez ere 4-10 urte bitartekoentzat
Norentzat da aproposa?
Umeekin jolastu nahi duen edonorentzat, baina bereziki guraso, irakasle eta hezitzaileentzat