Elgoibarko Udalak Auzo-taxi zerbitzuaren prezio publikoa onartu du

  • Auzo-taxiaren markoan egindako bidaia bakoitzaren kostua 15 eurokoa izango da, Azkue – San Roke auzoen arteko bidaiak izan ezik, horrek 10 euroko kostua izango baitu. Erabiltzaileak 3 euro ordainduko dizkio zuzenean taxistari bidaiaren unean, eta Udalak gainerakoa ordainduko du (kostuaren % 80).

Elgoibarko Udalak Auzo-taxi programa jarri du martxan, gaur egun garraio publikoko zerbitzurik ez dagoen herriko landa-auzoetan bizi direnen mugikortasuna hobetzeko. Atzo, martxoak 19, egindako osoko bilkuran, Udalak aho batez onartu zuen zerbitzuaren prezio publikoa: 3 euro bidaia bakoitzeko.

Auzo-taxiaren markoan egindako bidaia bakoitzaren kostua 15 eurokoa izango da, Azkue – San Roke auzoen arteko bidaiak izan ezik, horrek 10 euroko kostua izango baitu. Erabiltzaileak 3 euro ordainduko dizkio zuzenean taxilariari bidaiaren unean, eta Udalak gainerakoa ordainduko du.

Auzo-taxiaren bidez, atxikitako landa-auzoetako biztanleek taxiz egin ahal izango dituzte joan-etorriak, eta Udalaren kostuaren % 80ko dirulaguntza partziala jasoko dute. Zerbitzu horren bidez, udalerriko garraio publikoaren sektorea indartu nahi da, lurralde-oreka eta mugikortasun jasangarria sustatuz.

Auzo-taxia aurrera eramateko, Udalak komunikazioa ezarri du tokiko taxilariekin, eta horiek programan parte hartzeko interesa eta prestasuna adierazi dute. Zerbitzua nola eskainiko den zehazten duen hitzarmen bat egin da, eta taxilariek konpromisoa hartu dute Auzo-taxi txartela daramatenei arreta emateko, Elgoibarko erdigunetik eta erdigunera joan-etorriak egiteko.

Gainera, Udalak telefono mugikor bat emango die hitzarmenari atxikitako taxilariei, zerbitzuak koordinatzeko deiak eta WhatsAppeko mezuak jasotzeko aukera emanez. Udalak eskerrak eman nahi dizkie taxilariei landa-auzoetako garraioan garrantzitsua izango den proiektu hau aurrera eramateko erakutsi duten prestasunagatik.

Programa honen onuradun izan nahi duten landa-auzoetan bizi diren pertsonek Auzo-taxi txartela eskuratu dezakete HAZ-SACen, Santa Ana kaleko 2. zenbakian.

“Auzo-taxiaren ezarpenarekin, Elgoibarko Udalak mugikortasun irisgarri eta jasangarria sustatzeko konpromisoa berresten du, elgoibartarren eguneroko bizitza hobetuko duten irtenbide praktikoak eskaintzea bilatuz”, nabarmendu du Maialen Gurrutxaga alkateak.

Programa honek elgoibartar horiek hirigunerantz eta alderantziz mugitzea erraztu nahi du, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Auzo taxi programa: