Elgoibarko Udalak aldaketak iragarri ditu ludotekaren antolaketan

  • Arratsaldea bi segmentutan banatzea planteatzen da, bakoitza ordu eta erdikoa, eta adin jakin batera bideratuta. 
  • Prozesu horretan familien iritzia kontuan izateko, galdetegi bat egin zen ludotekan parte hartzeko egun eta ordutegi gogokoenak zehazteko.

Ludoteka zerbitzurako sarbidea errazteko eta udalerriko haurrentzat esperientzia hobetzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak Ludotekako antolaketan hainbat moldaketa egin ditu azken bi urteotan. Aldaketa aipagarrienen artean, adinaren araberako arreta eskaintzea eta larunbatetan zerbitzua ematen hastea. Aldaketa hauek erabiltzaile kopuruaren gorakada eragin dute, bai asteartetik ostegunera (HH5-LH3), eta bai ostiral eta larunbatetan (LH4-LH6).

Ikasturte honetan, Ludotekak herriko plazatik gertu dagoen lokal berri batetik jarduten du. Aldaketa horrek, aurreko egokitzapenekin batera, ageriko gorakada eragin du erabiltzaileen kopuruan. Batez ere, nabarmentzekoa da HH5-LH3ko haurren agertze handia astearte, asteazken eta ostegunetan, Ludoteka ireki zenetik 60 neska-mutilen gailurrekin.

Erronka horri erantzuteko, eta proiektua indartzen jarraitzeko, txandak antolatzea proposatzen da. Arratsaldea bi segmentutan banatzea planteatzen da, bakoitza ordu eta erdikoa, eta adin jakin batera bideratuta. Neurri horren helburua da saio bakoitzeko asistentzia-zifrak murriztea, arreta pertsonalizatuagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuz. Gainera, adinaren araberako banaketak programazioa talde bakoitzaren behar eta interes espezifikoetara egokitzea erraztuko du.

Prozesuan familien iritzia kontuan izateko, galdetegi bat egin zen ludotekan parte hartzeko egun eta ordutegi gogokoenak zehazteko. Lortutako erantzunek azken erabakian pisua izan dute, beste herri batzuetako ereduen analisiarekin eta adin-tarteen araberako banaketaren egokitasunarekin batera.

Hona hemen proposatutako antolaketa berria:

  • Astearteetan 16:30etatik 18:00etara: LH1eko haurrak
  • Asteazkenetan 16:30etatik 18:00etara: LH2 eta LH3ko haurrak
  • Ostegunetan 16:30etatik 18:00etara: HH5eko haurrak
  • Astearteetan 18:00etatik 19:30era: HH5eko haurrak
  • Asteazkenetan 18:00etatik 19:30era: LH1eko haurrak
  • Ostegunetan 18:00etatik 19:30era: LH2 eta LH3ko haurrak
  • Ostiral eta larunbatetan 16:30etatik 20:30etara: LH4tik LH6ra bitarteko haurrak

Egokitzapen horiekin, Elgoibarko Udalak Ludoteka zerbitzu ekitatiboagoa eta parte-hartzaile guztien beharretara egokituagoa bermatu nahi du.