Elgoibarko Udalak 700.000 euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik 2024an

  • 2023rako 610 milioi euroko hasierako zuzkidurarekin, funts hori 2022ko likidazioarekin alderatuta %3,83 haziko dela kalkulatzen da. 2024rako, igoera are nabarmenagoa aurreikusten da, % 6,7koa.
  • Maialen Gurrutxaga, alkatea: “Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa hobetzeaz gain, 2024ari baldintza onuragarriagoetan heltzen eta elgoibartarrei mesede egingo dieten proiektu berriei ekiten lagunduko du”.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (FFFM), Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak, gorakada nabarmena izango du 2024an, aurreikuspenen arabera. 2023rako 610 milioi euroko hasierako zuzkidurarekin, funts hori 2022ko likidazioarekin alderatuta % 3,83 haziko dela kalkulatzen da. 2024. urterako, igoera are nabarmenagoa aurreikusten da, 2023ko likidazio-aurreikuspenarekiko % 6,7koa.

Testuinguru horretan, Elgoibarko Udalak 700.000 euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik 2024an. 2023ko itxiera-aurreikuspena 9.427.798 eurokoa zen, eta kalkuluen arabera, 2024rako 10.115.969 eurokoa izango da. % 7,3ko igoera hori (688.172 euro gehiago) ekonomiaren martxa onari eta zergen bilketari zor zaio.

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak nabarmendu duenez, udal finantziazioa handitzeak “Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa hobetzeaz gain, 2024ari baldintza hobeagoetan ekitea eta elgoibartarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektu berriei ekitea ekarriko du. Hori modu ordenatu eta iraunkorrean egingo da”.

Aipatzekoa da 2023rako aurreikuspena eta 2024rako aurreikuspena direla udal-finantzaketa horren historian izandako foru-funts handienak. Gainera, 2024aren kasuan, funtsaren zuzkidura 650 milioi eurotik gorakoa izango da lehen aldiz.