Elgoibarko Udalak 2026ko San Bartolome Jaiak  aurkeztu ditu, elkarrekin gozatzeko eta bizitzeko  pentsatutako egitaraua

  • Abuztuaren 23tik 29ra bitartean, Elgoibar musikaz, tradizioz eta kulturaz beteko da adin  guztietarako diseinatutako programarekin. 
  • Egitaraua

San Bartolome jaiak ekintzen agenda bat baino askoz gehiago dira. Gure herriaz gozatzeko eta  elkarrekin ospatzeko aste paregabea da, kaleak bizitzaz bete eta elgoibartar guztiak dituzten  loturak indartzen dituena. Horrela, Elgoibarko Udalak San Bartolome 2026 egitaraua aurkeztu  du gaur, proposamen zabala, herritar bakoitzak bere lekua aurki dezan. 

Abuztuaren 23tik 29ra, Elgoibar milaka lagunentzako topagune bihurtuko da, tradizioa,  kultura, musika, kirola, gastronomia eta elgoibartar guztiontzat pentsatutako jarduerak  uztartzen dituen programari esker. Helburua argia da, Elgoibar eraikitzen jarraitzea,  Elgoibarko nortasuna eta herritarren izaera islatuko duten eta errespetuan oinarrituta egongo  diren jai ireki eta parte-hartzaileen bitartez. 

Aurten, gainera, jaien hasierak izaera sinboliko nabarmena izango du. Abuztuaren 23ko  txupinazoa Elgoibarko Institutuak botako du, bere 50. urteurrenaren ospakizunarekin batera.  Horrela, elgoibartar belaunaldiak hezi dituen eta herriaren memoria kolektiboaren parte den  erakunde baten ibilbidea aitortu nahi du udalerriak. Aurretik, ohi bezala, San Lazaro Egoitzan  adineko pertsonei zapia jarriko zaie. 

San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, meza nagusia, prozesioa eta soka-dantza izango  dira berriz ere herriko sustraiak eta ohiturak nabarmentzeko. 

Belaunaldi guztientzako programa 

Programazioak, berriz ere, adin eta sentsibilitate desberdinetarako proposamen espezifikoak  eskaintzeko apustu irmoa egiten du. Horrela, asteartean Txiki eguna ospatuko da; ostegunean  Adinekoen Eguna eta Haurren Eguna izango dira protagonista; ostiralean Nerabeen eta  Gazteen txanda iritsiko da goitibeherekin eta drift trike erakustaldiarekin; eta larunbatean  nekazal mundua eta tradizioak izango dira protagonista Baserritarren Egunarekin eta sagardo eta gazta lehiaketekin. 

Egitarau honek Udalaren nahiari erantzuten dio, jaiak belaunaldien arteko topagune izatea,  pertsona bakoitza ospakizunaren parte senti dadin. 

Herritarrekin eraikitako jaiak  

Aurtengo egitaraua ez da soilik Udalaren lanaren emaitza. San Bartolome 2026 prestatzeko  prozesuan parte-hartze argi baten apustua egin da. Alde batetik, herritarrei galdetegi baten  bidez parte hartzeko aukera eman zaie, zein kontzertu nahi zituzten eta zer espero zuten  jaietan adierazteko. Bestetik, lau bilera egin dira herriko eragile eta elkartearekin,  proposamenak jasotzeko, beharrak identifikatzeko eta jaiak herritarren ikuspegitik osatzeko.  Bi bide hauen bitartez jasotako iritzi eta proposamenek programazio-erabakietan eragin  zuzena izan dute, eta jaiak benetako parte-hartzatik eraikiak direla bermatzen dute. 

Musika, jaien ardatz nagusietako bat 

Musika jaien ardatz nagusietako bat izango da berriz ere aurten. Egitarauak, SÜNE, GOZATEGI,  PURO RELAJO, KAPARRAK eta ETS bezalako erreferentziazko artista eta taldeak bilduko ditu. Gainera, herriko talentuari ikusgarritasuna emango dio Elgoibarko Musikarien Elkarteko  (EME) kide diren MUZAK eta ALGUILLO ETA ALKIMISTAKen eskutik. 

Kontzertu hauek egitarau erakargarria eta kalitatezkoa eskaintzeko udalaren konpromisoari  erantzuten dio, udalerriko kaleak eta plazak jendez betetzeko pentsatuta dauden  kontzertuekin.  

Tradizioa, herri-kultura eta kaleko bizitza 

Jaiek ere kaleko animazio programazio bizia izango dute. Mauxitxa eta Ustekabe txarangek jai  gune ezberdinak zeharkatuko dituzte eta Trapu Zaharra, Rock Kalean, Deabru Beltzak edo  Baltzola eta Lagunak bezalako emanaldiak izango dira. 

Era berean, ez dira faltako herritarrek gehien maite dituzten sinboloetako batzuk, hala nola  erraldoien, buruhandien eta zezenzikleten Erbuze konpartsa, tokiko nortasuna islatzen  dituzten elementuak.

Sokamuturra abuztuaren 25ean, 27an eta 28an egingo da berriro. Gainera, aurten ere, Sokamuturra Kultur Etxetik eta Udaleko balkoitik ikusteko aukera izango da. 

Jai inklusiboagoak, seguruagoak eta eskuragarriagoak 

Udalak bere konpromisoari eusten dio, jaiak berdintasunez eta elkarrekiko errespetuz gozatu  ahal izateko. 

Hori dela eta, azken urteotan harrera ona izan duten ekimenak errepikatuko dira, hala nola  barraketan musikarik gabeko ordu-tarteak, Lekueder parkeko buruhaundi gabeko gunea edo  Gune Morea jende gehien biltzen den egunetan, indarkeria matxistaren prebentziorako. 

Udalaren nahia da herritar guztien dibertsioa, errespetua, inklusioa eta ongizatea uztartzen  dituen jai-eredu baterantz aurrera egiten jarraitzea. 

Aita Agirre, nekazal munduaren erakusleihoa 

Aita Agirre plazak protagonismo berezia izango du aurten. Abereei eragiten dieten indarreko  osasun-murrizketen ondorioz, Limusin azokaren ohiko formatua egokitu beharko da. Horren  ordez, abeltzaintza-ustiategi bakar bateko animalien erakusketa bat egingo da. 

Espazio horri uko egin beharrean Horrela, Aita Agirre plazan nekazaritza eta gastronomia  indartzeko gunea izateko apustua egin da, herritarrei Limusin arrazaren kalitatea eta  Elgoibarko baserritarrek egindako hurbileko produktuak hurbilduz. 

Udalerriko bizitza soziala eta kulturala dinamizatzeko inbertsioa. 

2026ko San Bartolome jaietarako aurrekontua 263.900 eurokoa da. Musika da partidarik  garrantzitsuena, guztizkoaren % 51rekin (134.481 euro), kontzertu eta emanaldien  programazio zabalaren isla. Ganadu, baserri eta gastronomia jarduerak % 8 dira (20.863 euro),  azpiegitura eta ekipamendua beste % 8 (20.555 euro), zezenak % 6 (15.529 euro), haur eta  gazte egunetako jarduerak % 6 (16.257 euro) eta adinekoei zuzendutako ekitaldiak % 4  (11.397 euro). Gainerako % 17a (44.818 euro) beste partida batzuen artean banatzen da, hala  nola goitibeherak, ikuskizunak, kalejirak, prentsa, sariak eta segurtasuna. 

Jaiak errespetutik eta bizikidetzatik bizitzeko gonbidapena

Maialen Gurrutxaga alkateak azpimarratu du jaiak Elgoibarrerako unerik berezienetako bat  direla: “San Bartolome da Elgoibarrek bere bertsiorik onena erakusten duen unea. Kaleak  bizitzaz, musikaz, topaketaz eta alaitasunez betetzen dira. Programazio anitza, erakargarria  eta adin guztietarako pentsatua eraikitzeko lan egin dugu, baina jaien benetako balioa  pertsonek jartzen dute. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu kalera irtetera,  parte hartzera, partekatzera eta gozatzera, errespetutik, elkar zaintzetik eta bizikidetzatik  abiatuta. Taldeka harro egoteko moduko jaiak nahi ditugu, eta guztiok sentitu behar dugu  horietan “. 

Uztailaren amaieran eskuragarri egongo da programa osoa paperean, eta HAZen (Herritarren  Arretarako Zerbitzua), Aita Agirreren Kultur Kafean, Jubilatuen Etxean, egoitzan, Eguneko  Zentroan, Kiroldegian eta Mintxetan jaso ahal izango da, baita udalerriko hainbat  merkataritza-establezimendutan ere. Egitaraua formatu digitalean ere eskuragarri egongo da udal webgunean, jarduera bakoitzaren ordutegi zehatzekin eta azken orduko  edozein aldaketarekin. Nahiago dutenek ere Elgoibarko kaleetan zintzilikatutako jaietako  kartelen QR kodea eskaneatu ahal izango dute.