Elgoibarko ordainlekuak eraldaketa handia izango du:  lanak uztaila erdialdean hasiko dira eta 16 hilabete  iraungo dute 

  • Amenabar eta Kapsch-i esleitutako lanak 4.731.231 eurokoak dira, BEZik gabe, eta 2027ko  urriaren 25ean amaitzea aurreikusten da; obra osoan gutxienez bi errei aktibo egongo dira  beti. 

Elgoibarko ordainlekuan teknologia- eta azpiegitura-eraldaketa sakona izango da datozen  hilabeteetan. Lehen lanak gaur bertan, ekainaren 25ean, hasiko dira, baina obra nagusiak — eraginik nabarmenenak ekarriko dituztenak— uztailaren erdialdean hasiko dira, eta 16  hilabetez luzatuko dira, 2027ko urrirako aurreikusitako amaierarekin. Inbertsioa 4.731.231,37  eurokoa da, BEZik gabe, eta Bidegik finantzatzen du. 

Hobekuntza horiek arintasun handiagoa ekarriko diete Via-T-ren erabiltzaileei,  mugikorrarekin ordaintzeko aukera, argiteria eta seinaleztapen hobea, zabalera bereziko  ibilgailuei pasatzeko erraztasun handiagoa eta etorkizuneko teknologietarako prestatutako geltokia. 

Obra 5 fasetan egingo da, eta 0 fasea izango da datorren astean hasiko dena. Fase horrek 3  hilabeteko iraupena izango du eta irailean amaituko da, gutxi gorabehera. 0 fase honek ez du  eraginik izango erreietan. 

Trafikoari dagokionez, kobrantza-estazioa beti egongo da aktibo, eta gutxienez bi errei  bermatuko dira une oro. Bi errei horiek murriztea dakarten jarduketak gauez edo trafiko dentsitate txikiko ordutegian egingo dira. 

Esku-hartze honekin, Elgoibarko ordainlekua prest geratuko da etorkizuneko erronkei aurre  egiteko. Bidegik obrak ahalik eta eragozpen txikienekin egiteko konpromisoa hartu du, obra  osoan trafikoaren etengabeko komunikazioa eta etengabeko jarraipena bermatuz.