Elgoibarko LH5eko ikasleek “Teilatupean” bertso antzerkiaz gozatu dute Kultur Etxeko sotoan

Urtero bezala, aurtengo ikasturtean ere, herriko ikastetxeetako LH4 eta LH5 mailetako ikasleek ahozkotasuna eta bertsogintza lantzen dihardute “Gu ere bertsotan” izeneko programaren bidez. Ohi bezala, ikasleek astean ordubetez landu ohi dute ahozkotasuna, Eneko Beretxinaga soraluzetarraren eskutik, horretarako tresna edo bitartekoa bertsogintza izanik.

Programa horren baitan, gaur, apirilak 11 osteguna Herri Eskolako eta Ikastolako LH5 mailako ikasleak Kultur Etxeko sotora bertaratu dira Lankuk ekoitzitako “Teilatupean” bertso antzerkia ikustera.

Ikuskizun horretan, etxearen irudia ardatz harturik eta Uxue Alberdiren eta Amets Arzalluzen bertsoetatik abiatuta, etxearekin loturiko hainbat gai jorratu dituzte Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna…

Bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide baliatu dituzte obra honetan, hala nola, txotxongiloak, argi eta itzalen jokoak, koreografiak…