- 2025eko jaietarako egongo diren aldaketak adierazi ditu Elgoibarko Udalak
Elgoibarko Udalak 2025eko jaien berrikuntzak aurkeztu nahi ditu, antolatutako ekitaldi eta jarduera berriak nabarmenduz. Halaber, sokamuturrean egongo diren aldaketak adierazi nahi ditu.
Lehenik eta behin, 2024ko sokamuturraren ganadutegi irabazlea iragarri da: Saka ganadutegia. Aditu talde batek egindako balorazioaren arabera, ganadutegi hau nabarmendu da zezenen kalitateagatik, sokaren erabileragatik eta “soka-lagunen” trebetasunagatik.
Sokamuturra Elgoibarko jaietako tradizio garrantzitsuenetako bat da, eta iazko ekitaldiek ehunka zaletu bildu zituzten. Arrakasta hori ikusita, 2025ean Elgoibarren Lehenengo Sokamutur Lehiaketa egingo dela iragarri da, Euskadi mailan aitzindaria izango den ekitaldia.
Lehiaketa San Bartolome jaixetan eta Trinidadetan egingo da, eta Euskal Zezenzale Elkartean (EZE) izena emandako abeltzainentzat izango da. Parte hartzeko baldintzak oinarrietan jasoko dira. Ekitaldi honek sokamuturraren tradizioa balioetsi eta sustatzea du helburu.
Parte hartu nahi duten abeltzainek izena emateko eta informazio gehiago lortzeko, Elgoibarko Udaleko Kultura Sailarekin harremanetan jarri edo udalaren webgunea bisitatu dezakete.
Bestalde, 2025eko San Bartolome jaietako proposamenak egiteko galdetegi bat sortu da Kultura sailetik:
Galdetegi honen bidez, herritarrek beren iritziak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte, festak herritarren nahi eta beharrak hobeto islatzeko. Horrela, Elgoibarko Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du, San Bartolome jaiak ahalik eta aberats eta erakargarrienak izan daitezen. Galdetegia betetzeko epea otsailaren 3tik 9ra izango.
Proposamen horrekin bat, Elgoibarko Udalak bilera baterako deialdia egin du, San Bartolome jaiak antolatzeko. Bilera otsailaren 13an izango da, 18:00etan, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Bilera horretara joango direnei, eskatzen zaie baieztatu dezatela bertan izango direla kultura@elgoibar.eus -era mezu bat bidaliz. Edonola ere, proposamenak noiznahi bidali ahalko dira helbide hortara.
Aurrez aurretik zuen partaidetza eskertu nahiko luke Udalak. Zuen ekarpenak funtsezkoak dira jaiak herritarren nahi eta beharrak ahalik eta ondoen islatzeko.