Elgoibarko Ikastolako frontoian zabalduko dira Master LABORAL KUTXAko final handirako ateak

  • Martxoaren 3an, 12:00etan, Laboral Kutxa Masterraren finalerdiak jokatuko dira Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan.

Sei asteko ibilbide ikusgarri eta zirraragarriaren ostean, Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan banatuko dira igande honetan, martxoak 3, binakako Master LABORAL KUTXA txapelketako final handirako txartelak. Ligaxkako azken eguneko azken tantora arte luzatu den lehia biziaren ostean, txapelketako lau bikoterik onenak elkarren artean lehiatuko dira martxoaren 17an Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko den finalean egoteko asmoz. 8 pilotari handi bilduko dituen jaialdia eguerdian hasiko da eta ETB-1ek zuzenean eskainiko du gerturatu ezin dutenentzat.

Olatz Arrizbalaga, egungo txapeldunak ez du hutsik egingo eta Elgoibarren izango da, beste final baten atarian. Gernikarrak oso bikote sendoa osatu du Erasunekin, lehen faseko bikoterik onena izan dira eta Binakakoan bere bosgarren txapelerako bidean, dena ematera irtengo da. Parean Beitia-Mendizabal izango dituzte, finalerdietarako txartela azken unean lortu zuen bikotea, baina lekeitiarra pixkanaka izar handien artean leku bat egiten ari da eta txapelketan zehar emandako maila errepikatzeko gai bada, aurrelarien arteko dema polita espero da.

Beste finalerdian, jokatutako bina partidak irabazi dituzten Aldai-Bergara eta Etxegarai-Gamide arituko dira eta partidak ederra izateko osagai guztiak ditu. Estilo arteko talka bat espero da, egungo buruz buruko txapeldunak partida aurreko koadroetara eraman nahi izango duelako eta beste bikotearen indargunea, aldiz, atzean aurkitzen delako. Enara Gaminde txapelketako atzelaririk sendoena izan da orain arte eta Laukizkoa partida atzean joka dadin saiatuko da. Bere erritmoa ezartzeko gai den bikoteak bidearen erdia baino gehiago izango du egina.