- Otsailaren 3tik 11ra, herriko 26 saltokik apainduko dituzte euren erakusleihoak emakume zientzialari baten omenez.
- Herriko Egur Arte eta Ane Arte tailerretako haurrek lagundu diete dendariei erakusleihoa apaintzen
- Aurten ere, saltokiz saltoki, emakumeen inguruko galderei erantzunez, ginkana batean jolasteko aukera egongo da.
- Herriko ikastetxeetan, ludotekan eta gaztelekuan ere ginkanan jokatzeko aukera izango dute haur eta gazteek.
- Guztira Euskal Herriko 218 saltokik eman dute izena aurtengo ekimenean.
Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 26 dendatan. Ekimena otsailaren 3tik 11ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Gainera, Egur Arte eta Ane Arten tailerretako haurrek lagundu diete dendariei erakusleihoa apaintzen. Aurten, Euskal Herri osoko 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.
Gainera, ginkana batean parte hartu ahal izango da. Erakusleihoetan dauden kartelek QR bat izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte. Gainera, herriko ikastetxeetan, ludotekan eta gaztelekuan ere jarriko dira horma-irudiak, haur eta gazteek ginkanan parte har dezaten. Aukera paregabea da ekimen hau familian eta/edo pertsona heldu batekin egiteko, eta elkarrekin emakume istorio hauek esagutzea.
Horrez gain, ikastetxeetan, Ludotekan eta Gaztelekuan kartelak jarriko dira haur eta gazteek ginkanan parte har dezaten. Ikastetxeetako, Ludotekako eta Gaztelekuko kartelek ez dute QRrik. Horren arrazoia da ikastetxe bakoitzak eta adingabeekin lan egiten duten eragileek mugikorren erabilerari dagokionez hartutako konpromisoaren arteko bizikidetza bilatzea, eta teknologiaren erabilera positiboa sustatzea, elkarrekin ikasteko tresna bihurtu baita, kasu honetan, familiako erabilera interaktiboaren bidez.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela bost urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 12 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Jarduera honi buruzko informazio guztia Udalaren webgunean dago: https://elgoibar.eus/gu-herriko-stem-emakumeak-otsailak-11
Elgoibarko saltoki parte-hartzaileak:
- Agurtzane ileapandegia
- Alire estetika
- Aramburu bitxidenda
- Astigarraga gys sport
- Barrutia optika
- Cristina Garcia. Estetika eta terapia naturalak
- Darama denda- tailerra
- Ecenarro
- Eizaguirre Okindegia
- Farmazabal
- Henko
- Herbolario surya belardenda
- Idama Ileapaindegia
- Iriondo Kirolak
- KARKIZANO
- Maria Urizar ileapaindegia
- MGS ASEGURUAK
- Olaia Martínez estetika zentroa
- Peluquería Leire
- Peluquería Meraki
- Pescaderia La bermeana
- Pitxintxu
- Roteta elektrizitatea S.L
- Textil – Colchoneria Lagunak
- Txillarre ekodenda
- Uzuri Optika
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean, omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:
- Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea
- Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria
- Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
- Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
- Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria
- Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna
- Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea
- Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria
- Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista
- Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa
- Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria
- Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala