Ekaina agurtzeko hilabete bukaerako nekazaritza eta abeltzaintza azoka egingo da larunbatean

  • Baserriko produktuen salmenta, eskuz egindako artisau produktuak, haurrentzako tailerrak eta ohiko ganadu erakusketa jasoko ditu apirileko azokak. 
  • Horrekin batera, ikastetxeek amaitutzat emango dute ikasturtea eta Elgoibar BHI institutuko diplomen banaketaz gain, udako oporraldiko eskaintza izango dute haur zein nerabeek aukeran. 
  • ‘Dolmenen ibilbidea’ bisita gidatua ere izango da aukeran asteburuan. 

Ekaina amaitzear dagoen honetan, ohikoa den moduan, asteburu honetan, hain zuzen larunbatean, ekainak 24, hilabete bukaerako nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatuko da. 

Hori horrela, 9:00etatik hasita eguerdiko 14:00etara baserriko produktuen salmenta egongo da Kalebarren plazan eta horrekin batera, ARTALDE, Elgoibarko artisauen elkarteak eskuz egindako produktuak salduko dituzte aipatu plazan. 11:00etatik aurrera, halaber, Karakate Bizirik Elkarteak pintxoak prestatutako ditu plazan bertan, Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin. Horrekin batera, 12:00etatik 14:00etara, umeentzako tailerra egingo da, herriko txikienek garaiko produktuak, bertako animaliak edota baserrietako kultura ezagutu dezaten. Azokari amaiera emateko, eguerditik arratsaldera bitartean ganadu erakusketa egongo da Kalebarren plazan. 

Igandean, halaber, ekainak 25, ‘Dolmenen ibilbidea’ bisita gidatua eskainiko da, beste behin, Dolmenen ibilbideaz gozatzeko eta ibilbidearen eta bere ingurunearen paisaia-balioa eta balio arkeologikoa ezagutzeko. Ibilbideak 9 kilometro eta lau orduko iraupena du eta 10:00etan abiatuko da Karakateko aparkalekutik, Soraluzetik, alegia, eta bertatik Irukurutzetaraino joan-etorria egingo dute partaideek. Bisitaldia gazteleraz egingo da eta interesdunek 657 79 46 77 telefonora deituz eman dezakete izena. 

Astelehenean, ekainak 26, zaintzako eta etxez-etxeko lanei buruzko aholkularitza zerbitzua eskainiko da, 16:00etatik 19:00etara, Merlin Medinaren eskutik. Bakarkako doako saioak izango dira hauek eta ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, 688 640 983 telefonora deituz edo elgoibarzaintza@gmail.com helbidera idatziz. 

Egun berean, halaber, hausnarketa taldearen saio berri bat egingo da, 18:00etan Lilan, emakumeei zuzenduta: ‘Sareko arriskuak: sextortsioa’, Loredi Salegirekin.  

 

Ikasturte amaiera eta udako eskaintza haur eta nerabeentzat

Ostirala, ekainak 22, halaber, haur eta nerabeen azken eskola eguna izango da, eta horri lotuta, arratsaldeko 19:00etan Elgoibarko BHI Institutuko diplomen banaketa egingo da Herriko Antzokian. 

Ikasturtearen amaitzearekin eta udako oporraldiaren hasierarekin batera, udako eskaintza ere martxan jarriko da herriko haur zein nerabeentzat. Azken hauek, hain zuzen, gaztelekuaren udako aisialdi eskaintza izango dute aukeran eta haurrek, halaber, udal ludotekak eta Atxutxiamaikak antolatutakoa, azken hau, ekainaren 26tik aurrera. 

Era berean, ekainaren 26an emango zaio hasiera, baita ere, udako kirol kanpusari, 09:30ean Mintxetan. 

 

KZ Guneko doako ikastaroak

Ekainaren 29an eta 30ean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Google drive: gorde eta partekatu zure artxiboak’ ikastaroa eskainiko da, 09:00etatik 11:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).