Debabarreneko Raida Elgoibarren egingo da asteburuan

  • Kirol probaren VII edizioa Elgoibarren ospatuko da aurten, larunbatean, hilak 17, eta orientazio eta abentura probez gain, trekking probak eta familia radia ere egingo dira 2 eta 5 pertsonen arteko taldeekin. 
  • Horrez gain, Haritz euskal dantzari taldearen eguna edota CD Elgoibarren herri bazkaria ere egingo dira asteburuan. 

Asteburu honetan kirola nagusi izango da Elgoibarren, Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatuta, Debabarreneko Raida Elgoibarren ospatuko baita aurten.

Horren aurretik, ordea, ekainaren 14, 15 eta 16an, ‘Birakaos’ dantza emanaldiak eskainiko dira arratsaldeko 19:00etan Herriko Antzokian, Biraka Dantza Taldearen eskutik. 

Eta orain bai, behin jada asteburuan murgilduta, larunbatean, ekainak 17n, Debabarreneko Raidaren VII edizioa ospatuko da, aurtengoa, Elgoibarren. Raida orientazio proba bat da eta helburu du probak irauten duen bitartean mapa batean kokatuta dauden ahalik eta puntu gehienetatik pasatzea. 

Hori horrela, kirol ekitaldi honek bi proba desberdin jasoko ditu: batetik, ‘abentura’ gisa ezagutzen den proba, bikoteka egiten dena eta 7 orduko iraupena duena eta bestetik ‘familia raida’, 2 eta 5 pertsona arteko taldetan egitekoa, aurrekoa baina apalagoa eta 2 ordu eta erdiko iraupena duena. Abentura probak mendi bizikletako 2 atal eta oinez egin beharreko beste 2 atal izango ditu, baita proba bereziak ere. Familia raida, halaber, oinez edo korrika txikian egin ahal izango da eta proba bereziak ere izango ditu. 

Debabarreneko raidarekin batera, larunbatean, hilak 17, CD Elgoibarren herri bazkaria ere egingo da, Sigmako probalekuan eta horrekin batera, Haritz Euskal Dantzari Taldearen Eguna ere ospatuko da, ekintza egitarau zabal batekin. 12:30ean egunari hasiera eman ostean, 13:00etan ekitaldi berezia egingo dute dantza taldeko kideek Aita Agirre Kulturgunean eta 15:00etan bazkaria Maalako parkean. 18:00etan, halaber, ‘Skapaie’ elektrotxarangarekin kalejira egingo da eta 22:30ean, ‘Bide batez’ taldearen erromeriarekin emango zaio amaiera Haritz Egunari. 

Behin ekitaldiz beteriko asteburua atzean utzita, ekainaren 21etik aurrera, hau da, asteazkenetik aurrera, udako denboraldiko eskaintza berezia eskainiko da Gaztelekuan, bertako erabiltzaileentzat.