Debabarreneko bertso eskolen arteko topaketa Mendaron

  • Otsaileko azken ostiralean Debabarreneko bertso eskoletako ikasleak izan ziren Mendaron

Mendaron elkartu ziren eskualdeko bertso eskoletako 25 gaztetxo otsaileko azken ostiralean, adinkideak diren bertsozaleak elkar ezagutzeko asmoarekin.

Bertan parte hartu zuten Elgoibarko Udalak antolatzen duen bertso eskolako neska-mutikoek, Mutrikuko, Mendaroko eta Soraluzeko bertso eskoletakoekin batera.

Bertso sortak abestu eta elkar ezagutzeko jolasak eta errima jolasak egin zituzten plazan eta, ondoren,  lagunartean meriendatu zuten “Lagun Betikoak” elkartean.

Ondoren, bat-bateko ariketa eta jolasetan jardun zuten, irakasleen agurrak arratsaldeko ekitaldiari amaiera eman zien arte.

Gelatik Plazara sariketa martxoan

Martxoan, Gelatik Plazara sariketa izango da Gipuzkoako zortzi eskualdetan. Sariketa honen xedea da bertsolari gaztetxoei jendaurrean kantatzeko aukera ematea.

Saioetako bat, Debabarrenekoa, hain zuzen, Soraluzen egingo da, martxoaren 15ean, 17:30ean. Sariketa hau Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatzen du, eta 8-14 urteko gaztetxoek parte hartuko dute bertan, hiruko taldeetan. 

Irabazleek apirilaren 28an Aretxabaletan egingo den Gipuzkoako Bertso eskolen Egunean abestu ahal izango dute; izan ere, egun horretan egingo da ekitaldi hori, lehenengo bertso eskola modu egituratuan martxan jarri zenetik 50 urte beteko direla ospatzeko.