Udaltzaingo eta Ertzaintzak lanean dihardute gertatutakoa argitzeko, bi auto topatu ziren ekintzak gertatutako inguruetan materialarekin eta uste da, gurutzea botatzeko erabilitako materiala dela. Hori horrela, polizia lanean ari da gertatutakoa argitu eta dagokionari erantzukizunak eskatzeko.
Elgoibarko udalak urteak daramatza memoria historiko eta demokratikoa egiten; ordukoak, gerraldikoak eta diktadura urteetakoak, gogora ekartzen. Udalaren asmoa beti izan da gurutze horren esanahia aldatzea, horregatik kendu zitzaion idazkuna eta gurutze hutsa utzi, garaiko gertakarien lekuko soil.
Adituen gomendio teknikoen arabera, Elgoibarko memoria demokratikoa berreskuratzeko egokiagotzat jotzen da gurutzea ez eraistea. Hori kontutan izanik, Udalak lanketaren aldeko apustua egin du. Gurutzeari esanahi berritua emango dion panel bat jartzea planteatuz, eta Memoriaren Ibilbidearen esparruan txertatzeko apustua egin nahi izan da. Ibilbide horren helburu, hasieratik, Elgoibarren historia eta memoria demokratikoa berreskuratzea eta zabaltzea da.Udalaren asmoa jarduera pedagogiko bat egitea izan da beti, eraikuntza ez dadin objetu isolatu gisa ikusi; testuinguru bat emanez, eta, aldi berean, herrian dagoen ibilbidea balioan jarriz. Horretarako Udalak bizikidetza mahaian landu nahi izan du gaia, alderdi guztien iritzia entzun eta aditu ezberdinen parte hartzea bultatuz.
Udalaren ustetan, gurutzeak, bere tamainak eta Zirardamendiko hobien aurrean kokatzeak, Gerraren izugarrikeriaren neurriaren eta erregimen frankistaren izaera totalitarioaren irudia eskaintzen digu. Hori kentzeak errealitate hori ezabatzea edo, gutxienez, indargabetzea ekartzen du. Gaur egun, elgoibartarrentzat, Morkaikuko gurutzea ez da erregimen frankistaren oroitzapen edo gorespen leku bat; jatorrizko esanahia galdu eta Elgoibarrek mendizaletasunarekin identifikatzen dute, eta gure herriaren beste ikur bat bezala ulertuz.
Giza Eskubideen urraketekin eta “Monumentu Ezerosoak” izenekoekin zerikusia duten leku eta elementuak “desaktibatzea” eta esanahi-berritzea ohiko politika da nazioartean. Euskal testuinguruan, Saibigaingo gurutzearena adibide garbia da frankismoko gorespen-leku baten esanahi berritzeak izan dezakeen oihartzunaren eta indarraren inguruan. 2011ko urrian, Gerra Zibila eta Diktadura goraipatzen dituzten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa aurkeztu zen. Katalogo hori Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak eskatuta egin zen. Ondoren, 2012an, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Tekniko bat eratu zuen. Batzorde horrek 2012ko urrian aurkeztu zuen Euskadin ikur frankistak kentzeko gomendio-irizpena, eta hau jarraitu du Udalak. Batzordearen gomendioa jarraituz, Morkaikuko gurutzean Francoren tropen garaipena goraipatzen zuten zati sinbolikoak erretiratu ziren.
Elgoibarko Udalak urteetan burutu dituen memoria ekintzen artean dago, urtero irailaren azken aurreko igandean, Zirardamendi gainean bertan bizia emateraino borrokatu zuten gudari eta milizianoei eskaintzen zaien omenaldia. Tontorrean bada burdinazko kurutze txikia, 50eko hamarkadan gudari ohiek beraien borrokakideei eskainia. Kurutze biak, Morkaikukoa eta Zirardamendikoa, gerraren lekuko dira.
Hori izan da beti Udalaren helburua, memoria egin eta Gogorak adierazten dituen ikur frankistak kendu eta dagokienei bere esanahia ematea.