76. Memorial Etxaniz txirrindularitza proba, bertan behera

  • Gure-Bide Elkarteak neurri hau hartu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren erabakia babesteko; izan ere, geratzen diren 14 probetatik gehienek, irailaren 24ra arte, ez dute Trafiko Ordezkaritzaren beharrezko baimenik, hainbat arrazoi direla medio.
  • Elgoibarko Udalak babes osoa ematen dio Gure-Bide Elkarteari, eta, aldi berean, urte hauetan guztietan egiten ari den lana eskertzen du, eta berarekin elkarlanean jarraituko du, hurrengo edizioetan proba honek, euskal txirrindularitza egutegiko zaharrenetakoak, jarraipena izan dezan.

Elgoibarko Udalak eta Gure-Bide Elkarteak jakinarazi dute 76. Memorial Etxaniz txirrindularitza proba, abuztuaren 23rako programatua, bertan behera geratu dela. Kirol ekitaldi enblematiko hau bertan behera uzteko erabakia Gure-Bide Elkarteak hartu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioari atxikitzeko neurri gisa, bertan behera utzi baitu oraindik jokatzeke zeuden proben egutegia, Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Bulegoarekin sortu diren arazoak direla eta.

Bai abuztuaren 23ko Elgoibarko Etxaniz Memorialak, bai abuztuaren 16an Aretxabaletan jokatu behar zen lasterketak, zegozkien baimenak zituzten, baina Gipuzkoako Federazioak Gipuzkoan antolatzen diren proben egutegia amaitzeko neurria hartu du, baita kadete, gazte eta 23 urtez azpiko elite mailako lasterkari guztien parte-hartzea bertan behera uzteko ere, probintzia, autonomia eta nazioarteko proba guztietan, gainerako probek ez baitute trafikoko baimenik.

Horrela, Gure-Bide Elkartea bat dator Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak denboraldia bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin (14 lasterketa, irailaren 24ra arte Gipuzkoan jokatzeke zeudenak), Etxaniz Memorialaren 76. edizioa barne.

Egoera honen aurrean, Elgoibarko Udalak babes osoa eskaini dio Gure-Bide Elkarteari eta hartutako erabakiarekiko errespetu osoa adierazi dio. Lasterketa bertan behera uztea galera esanguratsua da txirrindularien komunitatearentzat eta, oro har, herritarrentzat; izan ere, ekitaldia kirol-lehiaketa bat izateaz gain, komunitatea biltzeko eta kirol-espiritua sustatzeko aukera berezia ere bada.

Gure-Bide Elkarteak eta Elgoibarko Udalak lanean eta elkarlanean jarraituko dute, lasterketaren mamiari eusteko eta etorkizuneko edizioetan jarraipena bermatzeko irtenbideak eta alternatibak bilatzeko.