40 urteko euskalgintzaren historiak Herriko Antzokia bete zuen

1950ean hasi eta 1990era arteko Elgoibarko euskalgintza zelakoa izan zen ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak abenduaren 1ean antolatu zuten “Egin zenutelako gara!” ekimenean.

Herriko Antzokia bete-beterik egon zen, eta Koskaren musikarekin eman zitzaion hasiera ekitaldiari. 40 urteko euskalgintzaren berri emateko, ordubeteko bideoa eskaini zen. Bertan ikusi eta entzun ahal izan ziren Badihardugu elkarteak jasotako testigantzak, 40 urteko euskalgintzaren historiaren berri ematen dutenak. Bideo hori ikusgai jarriko da barren.eus eta Udalaren atarietan.

Jarraian, garai hartako entitate edo talde ezberdinetako 45 eragile eta euskaltzale oholtzara igo eta oroigarri bat jaso zuten, merezitako esker onaren adierazgarri gisa. 

Ekitaldia janzteko, musika, bertsoak, dantza, txistua eta antzerkia ere izan ziren, eta Garazi Ayesta, kazetari elgoibartarra, ezin baino hobeto aritu zen aurkezle lanetan.

Bi aipamen berezi ere egin zituen aurkezleak: alde batetik, gure herriko berbetia jaso duen Jesus Mª Makazagari, eta bestetik, gure herriko euskararen historia soziala jasotzeko lanean jardun duen Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñari. Oroigarri bana jaso zuten Elgoibarko alkatearen eta Elgoibarko Izarra elkarteko lehendakariaren eskuetatik.

Ekitaldiari bukaera emateko, egitasmoan parte hartu duten elkarrizketatu, eragile eta antolatzaileak oholtzara igo ziren taldeko argazkia egitera, eta bertan zirela, Uxue Alberdiren hitzez gozatu zuten, bai eurek baita bertaratutako guztiek. Amaiera ederra izan zen eta emozioz betea.