‘17. Logela’ izeneko ihes-gela ibiltaria Elgoibarren izango da azaroaren 3tik 5era

  • Txanda ezberdinak antolatuko dira eta ordutegia honakoa izango da: ostiral arratsaldean, 17:00-21:00, eta larunbatean eta igandean 10:00-14:00/17:00-21:00.
  • Doako esperientzia izango da baina beharrezkoa da aurretiko erreserba egitea, esteka honen bitartez.

Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu da ihes-gela. Jaurlaritzak prestatu du Euskal Herri osorako, eta Nerea Ibartzabal bertsolariaren laguntza izan du. Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko helburua du formatu berri honek ‘17. logela’ istorio misteriotsuarekin.

‘17. logela’ izeneko ihes-gelak honela laburbiltzen du istorioaren abiapuntua bere web orrialdean: “Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko”.

Euskal Herriko hainbat lekutan izango da ihes-gela ibiltaria eta Elgoibarren ere geldialdia egingo du azaroaren 3tik 5era.

Txanda ezberdinak antolatuko dira eta ordutegia honakoa izango da: ostiral arratsaldean, 17:00-21:00, eta larunbatean eta igandean 10:00-14:00/17:00-21:00. Ihes-gelan parte hartu ahal izateko, 16 urte beteta izan beharko dira, eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai izan beharko da. Doan izango da eta, eta saio bakoitzean gehienez 5 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Bestalde, saio bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du, eta denbora tarte horretan ihes-gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat emango da jokoa.

Urriaren 9an irekiko da Elgoibarko txandetarako erreserbak egiteko aukera eta, saio kopuru mugatuak direnez, antolatzaileek dei egin dute lehenbailehen izena emateko, ihes-gelan parte hartu nahi izanez gero. Talde bakoitzeko ordezkariak egin beharko du erreserba, hau da, taldearen izenean pertsona bakarrak egin beharko du erreserba.

Honen inguruko zalantzak izanez gero, Elgoibarko Izarran 943741626 edo Udaleko Euskara Sailean 943744366 galdetu.

Doako esperientzia izango da baina gogoratu aurretiko erreserba egitea, esteka honen bitartez.

Ahaztu estresa, ahaztu arazoak, ahaztu kezkatzen zaituen guztia… Zatoz 17. logelara. Doan da, gozatu, eta amets on!