120 postu izango dira abenduaren 30eko Gabon Zaharreko Ferian

  • Bertako produktuak, jai giroak, musikak eta erakustaldi ezberdinek herriko kaleak hartuko dituzte urteko azken azokan. 

Abenduaren 30ean ohiko Gabon Zahar Eguneko Feria ospatuko da Elgoibarren. Bertako produktuak, jai giroak, musikak eta erakustaldi ezberdinek herriko kaleak hartuko dituzte urteko azken azokan.

120 postu egongo dira guztira: Kalegoen plazan 14 postu, Giza Eskubideen Parkean 8, Elizaren inguruan 25 edo Aita Agirre Plazan 28, besteak beste. Aurreko urteetan baino postu gehiago egongo dira eta animali guztiak Aita Agirre inguruan kokatuko dira.

Honakoa da egitaraua:

► 8:30etik 14:30era:

  • Kalegoen plazan: barazki eta fruta erakusketa, lehiaketa eta salmenta.
  • Elizpean: baserriko produktuen erakusketa eta salmenta. Gazta eta eztia.
  • Aita Agirre plazan: baserriko produktuen, lanabesen eta landareen erakusketa eta salmenta eta hainbat abereren erakusketa
  • Giza Eskubideen parkean: baserriko produktuen erakusketa eta salmenta.
  • Pedro Migel Urruzuno kalean: burdineria eta nekazaritza-makineria.

► 9:00etatik 20:00etara: Parrokiako Jaiotza, parrokiako kaperan.

► 10:00etatik aurrera: “BALTZOLA ETA LAGUNAK” trikitilarien kalejira.

► 10:00etatik 14:30era: Elgoibarko artisauen erakustaldia eta salmenta, Maalako parkean. Antolatzailea: ArTalde.

► 11:30etik aurrera: Elgoibar Ikastolak, “Eusko Labela” duten harakinen laguntzarekin (Armueta eta Ziarda), labeldun saiheski pintxoak eskainiko ditu, Kalebarren plazan.

► 12:00etan: “Urteko Gaztaren XV. Txapelketa. Elgoibarko Gabon Zaharretako Saria 2023”, udaletxeko areto nagusian, Kalamua Elkarteak antolatuta. Lehiaketak irauten duen bitartean, areto nagusian, Uxue Alberdi, Mikel Mendizabal eta Meabebasterrexea bertsolarien jardunaldia.

► 12:30ean: Lekueder parkean, PLAZARA DANTZARA erromeria, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.

► 13:00etan: Uxue Alberdi, Mikel Mendizabal eta Meabebasterrexea bertsolarien jardunaldia.

► 13:30ean: Udaletxeko areto nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketa.

► 19:00etan: KITTU taldeak herriko kaleak girotuko ditu. Irteera: Kalegoen plazatik.